Estropada bana izango dute Zarauzko Arraun Elkarteko emakumeek eta gizonek datorren asteburuan. Emakumeek ETE ligako jardunaldia izango dute larunbatean Ondarroan (Bizkaia) eta gizonek egun bat geroago Hondarribian (Gipuzkoa).
Eguerdiko 12:00etan izango du arraunketa saioa emakumeen Enbatak, etzi Ondarroan. Lineako estropada izango da Ondarroako XL. Bandera, lau luzetara hiru ziabogarekin.
Orion laugarren izan ziren zarauztarrak. Sailkapenean, baina, hirugarren postuan jarraitzen dute, 58 punturekin. Pasa den larunbatean hirugarren izan zen Kaiku sei puntutara ditu Zarautzek.
Gizonak Hondarribian
Egun bat geroago, igandean, KAE1 ligarako puntuagarria den Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiako XVIII. Bandera jokatuko dute Hondarribian. Estropada 16:00etan jokatuko dute, linean, lau luze eta hiru ziabogarekin.
Orioko Kanpina Banderan seigarren egin zuen Enbatak. Sailkapen orokorrean ere postu horretan aurkitzen da Zarauzko gizonen trainerua, 71 punturekin. Bosgarren dagoen Pedreña sei puntutara dituzte zarauztarrek.