Zarauzko Euskal Jai Eguna 2024

Ireki dute Euskal Asteko Trikitilari Gazteen XLIV. Txapelketan izena emateko epea

Ian Ruiz Lizaso 2024ko abu. 6a, 13:00

Trikitilari Gazteen Txapelketa. (GUKA)

Zarauzko Udalak argitaratu ditu trikitilari lehiaketako oinarriak. Txapelketa irailaren 4ean izango da, asteazkenez, eta izena abuztuaren 26a baino lehen eman beharko da.

Hilabete eskas falta da Euskal Astea iristeko, eta Zarauzko Udalak argitaratu ditu Trikitilari Gazteen XLIV. Txapelketako oinarriak. Lehiaketa irailaren 4an izango da, asteazkenean. Arratsaldean jokatuko da Lege Zaharren enparantzan eta 19:00etan jarri dute ordua.

Parte hartu nahi dutenek abuztuaren 26a baino lehen eman beharko dute izena udaleko Jai eta Ekitaldietako departamentuan (Kale Nagusia 30) edo 943-00 51 19 telefono zenbakira deituta. Gehienez 8 bikotek parte hartu ahal izango udte txapelketan.

Oinarriei dagokienez, maila bakarra egongo da, eta soinujoleek eta pandero-jotzaileek 20 urte bete gabe izango dituzte txapelketaren egunean. Gainera, Famili Liburuaren kopia edo NAN agiria aurkeztu beharko da.

Parte hartzaileek lau pieza jo beharko dituzte: trikitixa, porrusalda, fandangoa eta arin-arina. Horietako piezaren bat norberak sortutakoa bada, epaimahaiak baloratu eta kontuan izango du, eta izena emateko garaian adierazi beharko da zer pieza den norberak sortutako hori.

Sariak

Bestalde, udalak jakinarazi du txapelketa irabazten duen bikoteak 400 euro, txapela eta garaikurra jasoko dituela, eta bigarren egiten duen bikoteak, berriz, 300 euro. Herriko aurreneko bikotearentzat, berriz, sari berezia egongo da.

Azkenik, txapelketan parte hartzen duten gainerako bikoteek 100 euroko dieta izango dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide