Cayetana Fernandez eta Pablo Perez dira Zarauzko golf txapelketako garaileak

Ian Ruiz Lizaso 2024ko abuztuaren 5a

Ezkerretik eskuinera, Pablo Perez eta Cayetana Fernandez

Pasa den ostiraletik igandera Zarauzko 103. Golf Txapelketa ospatu zen eta 153 pertsonek eman zuten izena.

Pablo Perez eta Cayetana Fernandez izan dira Zarauzko 103. Golf Txapelketako irabazleak. Zelaia baldintza ezin hobeetan aurkeztu zen. Asteburu guztian zehar, 153 pertsonek lehiatu dute txapelketan.

Gizonezkoetan, Logroñoko (Espainia) Pablo Perez izan zen irabazlea. Tennesseko Unibertsitatean garatzen du bere karrera. 208 kolperekin jokalaririk erregularrena eta sendoena izan zen. 4 kolpera geratu ziren Pablo Rodriguez Camino eta Alejandro Arregui. Rodriguezek itzuli onenak egin zituen lehen eta hirugarren egunetan, baina bigarren eguna ez zen ona izan. Bestalde, Arreguik, aukerak mantendu zituen azken 9 zuloetara arte.

Emakumezkoetan, Cayetana Fernandez madrildarrak eta Martina Lopez Lanchares donostiarrak hiru egunetan txandakatu zuten lidergoa. Azkenean, Fernandezek lortu zuen garaipena 205 kolperekin. Munduko Ranking Amateurrean dago sailkatuta 25 onenen artean, eta Texasko Unibertsitatean jokatzen du. Augusta National Golf Klubean bi aldiz jokatzeko aukera izan du, eta etorkizun handiko ibilbide profesionala proiketatzen du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide