Jai Alai Zarautz erremonte txapelketako lehen finalerdiak jokatu zituzten atzo arratsaldez Zarauzko Aritzbatalde frontoian. Hala, A eta B multzoek lehen lau finalistak eman zituzten.
A multzoan, Ansa II.a eta Juanenea dira Zarauzko Txapelketako lehen finalistak, Ezkurra II.ari eta Barrenetxea IV.ari 2-0 (15-13 eta 15-14) irabazi ostean. Bi jokoak oso berdinduak izan ziren. Lehenengoan, hamahirunako berdinketaren ondoren, azken bi tantoak Ansa II.aren eta Juanenearen alde erori ziren. Partida bigarren jokoan itxi zen, hamalaunako berdinketaren ostean.
Jaialdia B multzoko finalerdiak ireki zuen eta Gurrutxagak eta Zalduak 0-2 irabazi zuten 8-15 eta 14-15eko partzialarekin Jabalera eta Apezetxearen aurkako partidan. Lehen seta erosoa izan zen urdinentzat, atzean oso ondo kontrolatu zuen Zalduarekin. Bigarren setean atzelari urdinak maila jaitsi zuen, baina 14.ean Gurrutxagak egin zuen partida ixten zuen tantoa.
Bigarren jardunaldia, gaur
Gaur arratsaldez, 18:00etan hasita, Jai Alai Zarautz txapelketako bigarren finalerdiak jokatuko dituzte. B multzoko partidan, Segurola-Zubiri eta Goikoetxea V.a-Martirena bikoteak neurtuko dira. A multzoko norgehigokan, berriz, Urriza-Larrañaga eta Aldabe-Azpiroz.