Adarretatik musika jaialdiaren egitaraua argitaratu dute

Julene Sorarrain 2024ko abuztuaren 5a

La Perra Blanco iazko Adarretatik jaialdian. (Argazkiak: Adarretatik / Enbor Akzio Kulturala)

Urriaren 4tik 6ra bitartean ospatuko dute jaialdiaren zazpigarren edizioa. Guztira doako zortzi emanaldik girotuko dituzte herriko hainbat gune.

Enbor Akzio Kulturaleko arduradun Mikel Unzurrunzaga Makalak antolatuta, argitaratu dute aurtengo Adarretatik musika jaialdiaren egitaraua. Guztira zortzi saio eskainiko dituzte Munoan nahiz Musika Plazan. Proposamen zabala egongo da zapizgarren edizio honetan, izan ere, jaialdiaren programa Euskal Herriko eta baita kanpoko artistek ere osatzen dute aurten.

Bartzelonatik rumba katalanarekiko maitasuna duen Txarly Brown Plays Jamaica DJa eta soul doinu eta James Brown funk estiloetan mugitzen den Nacion Funk Soul Station taldea etorriko dira. Madrilgo hiriburutik ere izango du bisita Zarautzek. Rhythm & Blues eszena nazionalean azken urteotako artistarik ospetsuenetako bat, Tito Ramirez Banda, izango da larunbatean Munoa plaza girotzen.

Zarauztarrik ere egongo da jaialdian. Bermuda Kolektiboko Danel Esnal Xiarroman eta Iñigo Aramendi Anwolt disko jartzaileak ezagunak bilakatu dira euskal musika alternatiboaren panoraman.

Egitaraua

Urriak 4, ostirala
19:00-21:00. Txarly Brown Plays Jamaica, Musika Plazan.
22:00-23:00. Esanezin, Munoa plazan.
23:15-01:00. Nacion Funk Soul Station eta Michel Clavero Mr. Dynamite, Munoa plazan. 

Urriak 5, larunbata
18:30-20:00. Crazy Jazzers, Frontoi Txikin hasi eta Musika Plazaraino.
22:00-23:00. Munlet, Munoa plazan.
23:15-01:00. Tito Ramirez Banda, Munoa plazan.

Urriak 6, igandea
12:00-14:00. Bermuda Kolektiboa, Musika plazan.
18:00-20:00. Audience: Bob Dylan Berrikusia, Modelo aretoan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide