Azukarera del Ebro egitasmoaren bigarren edizioa egingo dute bihar

Julene Sorarrain 2024ko abu. 2a, 15:00

Apirilean Azukarera del Ebro eremuan egindako erakusketa. (Utzitakoa)

Artea eta musika bateratzen dituen ekitaldia sortu du Zarauzko gazte talde batek: Azukarera del Ebro. Ekainerako antolatu zuten bigarren edizioa, baina atzeratu egin behar izan zuten eguraldi txarrarengatik. 

Zarauzko gazte talde batek, herriko talentua erakusteko asmotan, Azukarera del Ebro sortu du, gazte sortzaileen erakusketa eremua. Apirilean egin zuten lehenengo mostra Ebro-Etxean, eta izan zuen arrakasta ikusita, martxan jarri zuten bigarrena ekainerako. Izan ere, eguraldi txarra zela eta, atzeratu egin behar izan zuten.

Behin uda giroan murgilduta, larunbat honetan bilduko dira berriro, eta oraingoan artista ezberdinak ekarriko dituzte, herriko gazteei ikusgarritasuna emateko helburuari eutsita. "Lehenengo ekitaldiaren kontzeptuaren jarraipena izango da", azaldu dute antolatzaileek.

Arratsaldean irekiko dituzte Azukarera del Ebroren ateak, eta bertaratzen direnek diziplina ezberdinetako artelanak ikusi ahal izango dituzte erakusketan. Besteak beste, Jone Alberdiren ilustrazioak, Ainara Aymaten eta Iker Gozategiren argazkiak, Maia Berastegiren ehun gaineko estanpazioak, Sandra Izquierdoren poesia eta Clara Zubiaren zeramikazko piezak egongo dira ikusgai Ebro-Etxeko lorategian. Erakusketa 17:00etatik aurrera zabalduko dute, eta sarrera doakoa izango da.

Erakusketaz gain, Jai/Egun bakarlariak kontzertua eskainiko du 20:00etan. Iazko azaroan kaleratu zuen Aitor Martinezek bere lehen diskoa, Argiek istilu, bederatzi abestiz osaturiko lana. Iluntzean, gainera, Ebro-Etxeko lorategia girotzen arituko dira Bermuda Kolektiboko Anwolt eta Xiarroman eta Ainara DJak, 21:00etatik 23:00etara bitartean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide