Zarauzko toldoak herriaren ikur bilakatu dira. Zer irudikatzen dute zuentzat?
Maite Isasti: Esentzia. Herri bakoitzak identifikatzen duen ikur bat eduki beharko luke. Nire ustez, Zarautzen toldoa da txikitatik ikasi eta ezagutu duguna.
Iñigo Garcia: Udaren etorrera. Toldoetan jartzen zarenean aspaldi ikusi ez dituzun lagunekin topo egiten duzu. Niretzat elkargune bat da.
Toldoen mantenua zuen esku al dago?
M. I. : Nik neguko denboraldian prestatu behar izaten ditut. Horrela, udan etortzen direnentzat prest edukitzen ditut toldoak, eta jendeak gustura eramaten ditu.
I. G. : Bai, dena guk egiten dugu. Banku berriak, aulki berriak eta toldoak guk josten ditugu. Neguan zehar horretan aritzen gara. Denbora eskatzen du egiteko horrek.
Nola bizi duzue herriko turismoa?
M. I. : Plazer bat da jendea nola gerturatzen den ikustea eta haien ahotik zer herri polita daukagun entzutea. Orokorrean, Zarautzekin txoratu egiten dira.
I. G. : Nik oso ondo pasatzen dut turistekin. Jende berri asko ezagutzen dut, eta oso entretenigarria da hori. Aurten kanpotar jende asko ikusi dut, baina turismo gutxiago nabaritu dut.
Nongo bezeroak izaten dituzue?
M. I. : Ekainean, Zarauzko jendea; uztailean, Zaragozakoa [Espainia] eta Iruñekoa; eta abuztuan, berriz, Madrilgoak etortzen dira. Bestalde, frantses, herbeheretar eta ingeles ugari ere bertaratzen dira.
I. G. : Toldoak alokatzen dituzten %80 zarauztarrak dira. Horiez gain, Nafarroatik, Kataluniatik eta Frantziatik etortzen dira egun-pasak egitera.
Zuen lanaren ondorioz, kanpotarren ezagutza zabaltzen duzuela uste al duzue?
M. I. : Bisitariek toldoen inguruko interesa agertzen dute soilik politak direlako. Nire ustez, informatu egin behar dira, eta gure tradizioen inguruan galdetzea beti da ongietorria.
I. G. : Jendeak toldoak kuriosoak direla errepikatzen du. Gainera, inon ikusi ez duten zerbait dela esaten dute. Horregatik, gehiengoa harritu egiten da ez dutelako ulertzen zer den.
Toldoek jatorri aristokrata al dute?
M. I. : Bai. Garai haietan, jendea biluzik ikustea zerbait zakarra zen. Orduan, aldatzeko eta bainujantziak janzteko erabiltzen hasi ziren.
I. G. : Lehen ez ziren tolderoak, baineroak baizik.
Noiz murgildu zineten toldoen munduan?
M. I. : Dekorazioko denda bat nuen, eta herriko zerbait tipikoa eskatzen zidaten bezeroek, baina ez nekien zer eskaini. Aitarengana joan nintzen, eta toldoen ideia aipatu zidan. Ordutik, hamabost urte daramatzat oihalezko toldoak egiten.
Nola ari zarete bizitzen denboraldi hau?
I. G. : Aurtengo denboraldia ez da ona izaten ari. Eguzki egun gutxi izan dira, eta horrek jendeari etortzeko gogoa kentzen dio.