Zarauzko Udako Musikaldiaren 36. edizioa ostiral honetan hasiko da. Musika klasikoko lau kontzertu antolatu dituzte Santa Klara komentuko elizan eta 20:00etan hasiko dira emanaldi guztiak. Hilaren 2an, 23an, 30ean eta 31n musika klasikoa entzuteko aukera aparta edukiko dute, beraz, herritarrek.
Elizak 200 pertsonentzako edukiera mugatua du. Hori dela eta, sarrerak eskuratzerako orduan berrikuntzak egin dituzte. Aurreko urteetan gonbidapen bidez funtzionatzen zuen. Aurten, sarrerak 4 euroan jarri dituzte salgai Modelo aretoan, ohiko ordutegian, uztailaren 25etik 31ra eta Kutxabanken atari digitalean.
Programazioari dagokionez, abuztuaren 2an Mario Prisuelos & Sigma Project Quartet taldearen Inblue kontzertuak emango dio hasiera Udako Musikaldiari. Abuztuaren 23an, Josu de Solaun piano-jotzaileak Chopin, Prokofiev eta Schumann bezalako maisuen musika interpretatuko du. Abuztuaren 30ean, Kantua Euskal Herrian izenburupean, Maite Arruabarrena mezzosopranoak, Aitzol Iturriagagoitia biolin-jotzaileak eta Susana Garcia de Salazar pianistak euskal musikak oholtzaratuko dituzte. Musikaldarekin amaitzeko, abuztuak 31n, Goretti Eizagirre soprano zarauztarrak bere aurkezpen kontzertua eskainiko du Itziar Barredo piano-jotzailea lagun duela.