Zarautz Palestina Herri Ekimen taldeak, Gernika Palestina Sarearekin batera, Gazan palestinarrekin eta bere lurraldearekin, "Zisjordaniako asentamendu israeldar ugariek jada murriztuta", egiten ari den sarraskiak "hunkituta", palestinarren azalean imajinatu eta testigantza eman nahi izan du.
Hain zuzen ere, hiri egitura osatzen duten hainbat lekutan argazkiak atera dituzte -aisialdiko, merkataritzako, izapideetarako, mediko arretarako, irakaskuntzarako eta kulturarako espazioak- horiek suntsituz gero zarauztarren egunerokotasuna nolakoa izango litzatekeen hausnartzeko. Eta horren inguruan mezu bat zabaldu nahi izan dute: "Irudikatu dezagun une batez Palestinako biztanleria Gazako Zerrendan bizitzen ari den ankerkeria, non guztia suntsitua izan den eta, hala ere, jazartzen duen armada haurrari tiro egiten, amari tiro egiten, zaurituak dituen anbulantziak arpilatzen, laguntza humanitarioko konboiak bonbardatzen..."
Horregatik, gizarte zibilak "gaizki deitutako mundu askearen instantzia gehienek ez bezala", basakeria horren aurka egin dezakela eta "egin behar duela" azaldu du talde zarauztarrak, "gure gurasoek eta aitona-amonek Hitlerren aurkako erresistentzia europarrean egin zuten bezala".