Betidanik izan dut gustuko musika, eta denborak irakatsi dit gustuko ez ezik beharrezko ere badudala bizitzeko. Duela zenbait urte Euskadi Irratiko Bihotzeko fonoteka programarako 10 abesti aukeratzeko eskatu zidatenean, zaila gertatu zitzaidan gustukoak nituen eta nire bizitzako une bereziekin lotzen nituen abestien zerrenda osotik 10 bakarrik aukeratzea. Ordutik hona abesti berriak ere sartu dira nire bizitzan, eta are zailagoa gertatu zait zerrenda
bost abestira mugatzea Zarauztarren doinuak atalerako. Beraz, nire bizitzako hainbat une eta alderdirekin lotzen ditudan bost abesti aukeratu ditut.
- Euskal Herrian euskaraz
Haurtzarora naraman abestia da. Ikastolan ikasi genuen eta geroztik hamaika aldiz abestu izan dugu, eta orduko oroitzapen gozoak ekartzen dizkit batetik, baina zer pentsatua ere ematen dit 30 urte geroago abesti horren hitzek duten esanahiak. Asko aldatu dira garaiak, asko erraztu eta hobetu dira hainbat gauza euskarari dagokionez, baina kezkagarria gertatzen zait oraindik ere zenbat muga eta murrizketa ditugun ikustea, eta mingarria gure seme-alabek zer garrantzi gutxi ematen dioten ikustea. Haiei ere sarriago jarri beharko diegu beharbada abestia.
- Still loving you (Scorpions)
Haurtzarotik gaztarora igaro nintzen, eta unibertsitateko ikasketak amaitu ostean erizaintzan astebeteko praktikaldi bat egitera joan nintzen Sevillara, hango osasun-zerbitzu publikoko anbulantzietara. Azken egunean, 12 orduko azken jarduna osatu ostean, hango lankide batek eraman gintuen autoz aterpetxera. Anbulantzien egoitzatik abiatu ginenean, autoa mantso-mantso zihoan, eta irratian Scorpions taldearen Still loving you abestia hasi zen. Aste haren soinu-banda bihurtu zen lehendik ere hainbeste gustatzen zitzaidan abesti hura. Geroztik, gaur egun itzultzaile-lanetan ari naizen arren, erizaintzarekiko dudan lotura gogorarazten dit abesti
horrek.
- A quién le importa (Alaska Y Dinarama)
Askotan entzun eta abestu nuen abesti hau parranda giroan, baina hitzei arreta berezirik jarri gabe. Urtezahar-egun batean, afaldu aurretik lagunekin potean nenbilela, tabernako musikarekin bat eginda lagunak hori abesten hasi ginenean, barruan zerbait mugitu zitzaidan. Ohartu nintzen denbora askoan zenbait arlotan epaitua sentitu nintzela inguruko hainbat pertsonaren aldetik, eta haiei baino arreta gehiago jarri behar niela abesti honen hitzei. Geroztik horretan saiatzen naiz.
- Amaren bularra (Xabier Lete)
Kuttuna izan dut beti abesti hau. Ama izan ostean, semeak 4 hilabete zituela, Añorgako Orixe sarian egin nuen berriz lehen aldiz bertsotan jendaurrean. Bukaerako agurra doinu horretan kantatu nuen, horixe nuelako gau hartako kezka nagusia, puntuazioaren gainetik: haurrak bularra baino ez zuen hartzen eta ni ez nengoen etxean. Lehen baino ere kuttunagoa dut geroztik abestia.
- Badira hiru aste (Mikel Urdangarin)
Nire bizitzako hainbat une garrantzitsuk dute lotura Mikel Urdangarinen abesti honekin, baina azkena ekarri nahi dut hemen gogora. Beti gustatu izan zait bertso musikatuak kantatzea
ospakizunen bat edo lagun arteko afariren bat dugunean, eta atsegin dut horretarako bertsoak jartzea. Duela bi urte seme zaharrena gitarra ikasten hasi zenetik, behin baino gehiagotan egin
dugu elkarrekin bertsotan doinu horretan semeak gitarraz agunduta, eta polita da prestatze-lana eta emanaldiaren momentua bera elkarrekin parte