Patxi Zaporraren LVIII. Oroimenezko pilota txapelketari bihar emango diote hasiera, eta abuztuaren 8ra arte iraungo du. Ohikoa den bezala, Frontoi Txikik hartuko ditu norgehiagoka guztiak. Bihar eta ostegunean, final-laurdenetako partidak izango dituzte jokoan, 18:30ean hasita, eta bi norgehiagoka izango dira jardunaldi bakoitzean.
Biharkoan, lehen partidan, Juaristi-Juaristi eta Orbegozo-Aranburu ariko dira elkarren aurka. Jarraian, Olaizolak eta Arangurenek osatutako bikoteak Bidezabal eta Leonet izango ditu aurkari. Ostegunean, bigarren jardunaldian, Escudero eta Urruzola Orbegozo eta Mitxelenaren kontra kokatuko dute lehen partidan. Jarraian, Barandiaran-Esnaola eta Jara-Aranburu kantxaratuko dira Frontoi Txikira, final-laurdenetako azken partida jokatzera.
Fase horretako lau bikote irabazleek Zaporra memorialaren finalerdiak jokatuko dituzte abuztuaren 6an. Finala, berriz, bi egun geroago izango da, hilaren 8an, arratsaldez, Alde Zaharreko frontoi irekian.