Tximilikuartekak Gazte Literatura Taldea egitasmoa jarri du martxan

Julene Sorarrain 2024ko uzt. 30a, 10:00

Tximilikuarteka irakurle taldea Sanz Enea liburutegian. (utzitakoa)

Aurreko urtean abiatu zuten Haur Irakurle Taldearen egitasmoa LHko ikasleentzat eta aurten jarraipena emango diote. Bestalde, DBHko ikasleei zuzendutako irakurle taldea ere osatu dute. Izen-ematea zabalik dago jada.

Zarauzko Tximilikuarteka Haur Irakurle Taldea pasa den ikasturtean abiatu zuten, 23-24 ikasturtean eta LH5-LH6 mailako 14 haurrek hartu zuten parte. Aurten, jarraipena emango diote eta berriz ere LH5-LH6 mailako gaztetxoei zuzenduta egongo da ekintza. Aldi berean, irakurle taldeak Gazte Literatura Taldea egitasmoa ere sortu du, DBHko ikasleei zuzenduta.

Urrian hasi eta maiatzera arte, hilean behin elkartuko dira, denek irakurri duten liburu baten inguruan aritzeko. Tertulia, jolasak eta bestelako ekintzak egingo dituzte saioetan. Dinamizatzailea Nerea Loiola izango da eta idazle bat ere gonbidatuko dute saio batera. Iaz, Harkaitz Cano bertaratu zen, esaterako.

Saioak Sanz Enean izango dira eta liburuak liburutegiak eskainiko ditu mailegu bidez. Eguna eta ordua zehaztu gabe daude oraindik, izan ere, izena eman dutenen beharretara egokitzen saiatuko dira taldeko kideak. Beste herri batzuetako Haur Irakurle Taldeekin harremanetan jarri dira ere, eta aurtengo ikasturterako elkarrekin ekintzaren bat egiteko asmoa dute.

Izen-ematea Sanz Enea liburutegian egin daiteke. Bestalde, Haur Irakurle Taldean eta Gazte Literatura Taldean izena emateko formularioak ere osatu dituzte. Irailaren 14 arte egongo dira zabalik, eta plazak mugatuak dira (15 lagun gehienez).

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide