Urte bat igaro da Zarauzko hogei gazte bildu eta Lege Berria sortu zutenetik. Azken urtean hainbat artista eta talde igaro dira kolektiboak Hiruputzu gaztetxean duten oholtzatik.
Oraingoan, berriz, ekitaldia Borghettoko pergolara atera dute eta eguraldiak lagunduta, herriko DJ-ek eguna girotu zuten musika saio batekin. Ekitaldia larunbat arratsaldean abiatu zuten, 17:00 aldera. Vanguardia Civil, III eta Anwolt izan ziren hasiera eman ziotenak, eta apurka herritarrak gerturatu eta pergola betetzen hasi ziren.
Ilunabarrean, Inesen eta Baltzaren txanda izan zen gaua girotzeko. Eguraldiak lagundu zuen arratsaldean zehar, nahiz eta euri tanta batzuk erori iluntzean. Hala eta guztiz ere, herritarrek, freskagarria eskuan, egunari amaiera biribila eman zioten eta urteurrena kantuan eta dantzan ospatu zuten.
Argazkiak: Iker Gozategi.