Isildutako ahotsak udako argitara

Jabi Gonzalez Toston (Gipuzkoako Hitza) 2024ko uzt. 29a, 10:15

Nerea Loiola eta Carmen Valois, uztailaren 16an, Zarauzko Emakumeen Etxean.

Zarauzko Emakumeen Etxeak podcasta estreinatu du hil honetan. Hiru saio eskainiko dituzte bi erabiltzaileren gidaritzapean, eta biharkoa izango da azkena.

Gipuzkoako Hitza-n argitaratutako artikulua.

Herriko emakumeentzako babesleku eta topagune izateaz gain, irrati estudio ere bada Zarauzko Emakumeen Etxea uztailaren 9az geroztik. Izan ere, bertan ekoizten dituzte Toldopeko Ahotsak podcasteko saioak. Asteartetan grabatzen dituzte, 10:30etik 11:00etara bitartean, eta zuzenean entzun daitezke Zarauzko Udaleko Parekidetasun departamentuaren YouTubeko kanalean. Grabazioak nahieran aditzeko aukera ere badago, kanal horretan jartzen baitituzte saioak. Biharkoa izango da hirugarren eta azken saioa. 

Nolanahi ere, Emakumeen Etxeko arduradunek ez dute baztertu egitasmoari jarraipena ematea. "Aurkezleak gustura badaude eta erantzuna ona dela ikusten badugu, saiatuko gara gehiago egiten", esan du Libe Eizagirre dinamizatzaileak. Eizagirrek azaldu duenez, udan "parte hartzailea" izango zen zerbait eskaini nahi zutelako sortu zuten podcasta: "Podcasta formatu egokia dela iruditu zitzaigun parte hartzea sustatzeko, nahiz eta jada ez den oso berritzailea". Hala, barne deialdia egin zuten Emakumeen Etxeko kideen artean, aurkezleak bertako erabiltzaileak izan zitezen nahi zutelako. Bi lagunek aurkeztu zuten beren burua: Lurdes Azkunek eta Carmen Valoisek.

Valoisek esan du estreinakoz aritu dela aurkezle lanetan. Aitortu du urduritasuna sentitu duela eta bere buruari galdetzen ziola ea zergatik animatu zen "endredo" horretan sartzera. Dena den, "gustura" aritu dela dio. "Sentitzen nuen nolabaiteko erantzukizuna banuela, Emakumeen Etxeak asko eman didalako", esan du. "Beste emakume batzuk ezagutu eta haiekin elkartzeko aukera eman dit, bertan eskaintzen dituzten hainbat ikastarotan parte hartu dut, eta uste dut, laguntza eske datozkigunean, erantzutea dagokigula. Ezin dugu jasotzera mugatu; guk ere eman behar dugu".

Itzalpean

Saio bakarra gidatu du Valoisek, hilaren 16koa, eta Nerea Loiola idazlea elkarrizketatu zuen. Valoisek esan duenez, Ana Galarraga zientzia dibulgatzailearekin egin behar zuen bigarrena, baina agenda arazoak tarteko, bertan behera utzi behar izan zuten azkenean. Toldopeko Ahotsak podcastean hainbat arlotan nabarmendu diren herriko emakumeak elkarrizketatzen dituzte, saio bakoitzeko bat. Horren harira, Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak adierazi du "Zarauzko emakumeei ikusgarritasuna" ematea dela proiektuaren beste helburuetako bat. "Elkarrizketatuak beren esparruan adituak eta pertsona ezagunak direnez, euren lanbidea genero ikuspuntutik aztertu nahi izan dugu", gaineratu du Eizagirrek.

Hain zuzen, podcastaren izenak berak lotura du horrekin. "Zerbait udatiarra izatea nahi genuen, eta iruditu zitzaigun toldopeko edo toldo atzeko ahotsak izenek isla zezaketela hori", esan du Emakumeen Etxeko dinamizatzaileak. "Hondartzako toldoak herriaren bereizgarri nagusietako bat dira udan, eta, emakumeen ahotsak isilpean egon direnez, ondo lotzen ziren". Eizagirrek dioenez, izan zituzten zalantzak podcastari izena jartzeko garaian, baina Toldopeko Ahotsak izena "egokiagoa" dela iruditu zitzaien.

Komunikazioa, ahalduntzeko

Eizagirrek esan du lehenengo saioa grabatu aurretik bi aurkezleekin bildu zirela, galderak adosteko. Elkarrizketatuak aukeratzeaz eta gidoia prestatzeaz Emakumeen Etxea arduratu da. "Edonola ere, aurkezleek testuak moldatzeko askatasuna dute. Gainera, elkarrizketa egin bitartean galderaren bat bururatzen bazaie, lasai asko egin dezakete", adierazi du. "Azken finean, eskuragarri dituzten erremintekin ahaldundu eta dituzten komunikatzeko dohainez jabetu zitezen nahi genuen. Nolabait, ikus zezatela gidoi bat prestatzea eta podcast bat egitea dirudien baino errazagoa dela". 

Hala ere, bada Valois eta Azkune aurkezleek ukitu ez duten arlorik: soinua. Saioak behar bezala entzungo direla bermatzeko, Uhinak enpresa kontratatu du Emakumeen Etxeak. Beraz, soinu teknikariak profesionalak izan dira. Ander Ortegak egin ditu soinu teknikari lanak, eta hark esan du beretzat ere "berria" izan dela egiteko hori, orain arte sekula ez baitzitzaion egokitu streaming emankizunik kontrolatzea. Dena den, Ortegak adierazi du ez dela lan zaila izan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide