Gukasteka

Eskubaloi erasmusa Suedian

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uzt. 28a, 11:00

Zarauztik Suediara joandako eskubloi jokalariak eta beren senideak. (Utzitakoa)

Infantil mailako neskak Goteborgetik bueltan dira Partille World Cup txapelketan maila ona eman ondoren. Jokatutako zazpi partidetako bost irabazi dituzte, baina emaitza baino, han bizitako "esperientzia aberasgarria" nabarmendu dute taldea osatzen duten hamahiru jokalariek, eskubaloi eskolan hasitako bideari "amaiera borobila" eman diotelako. Gukastekan argitaratutako erreportajea.

2010ean jaiotako infantil nesken ZKEren eskubaloi taldeak sekula ez du ahaztuko uztaileko lehenengo astea. Goteborgen (Suedia) izan da Partille World Cup nazioarteko txapelketa –Gipuzkoan udaro egiten duten Donosti Cup futbol txapelketarekin aldera liteke– jokatzen, eta irribarrea ahotik ezin kendu itzuli dira jokalariak nahiz senideak. Lortu duten emaitza gutxienekoa izan da, nahiz eta hori ere ez den nolanahikoa izan: 32 talde onenen artean sailkatzea lortu dute, eta hamahiru herrialdetako 110 taldek parte hartu dute.

Zarauzko taldea 14 urtez azpiko nesken kategorian lehiatu da, eta Suitzako HSG Juniorinnen Nordwestek kanporatu du final-hamaseirenetan. Aurrez beste sei partida jokatu ditu eta bakarra galdu du. Gainera, erabakigarria izan den aipatu azken kanporaketan bi golen alde eskasagatik baino ez dute menderatu: 17-15.

Jokalariek aitortu dutenez, "harrituta" geratu dira talde parte hartzaileen eskubaloi mailarekin, "altuagoa espero" zutelako, oro har. Era berean, adierazi dute alde handia zegoela taldeen artean: "Batzuk oso onak ziren, baina besteak...". Norvegiarrekin eraman dute desengainu handiena: "Nagusien Norvegiako selekzioa beti dago punta-puntan eskubaloi txapelketa handietan, baina guk erraz irabazi genion aurkari izan genuen hango taldeari".

Txapelketan 38 herrialdetako taldeek parte hartu dutenez, guztira, bestelako ezustekorik ere eraman dute: "Ez genekien kenyarrek edota indiarrek ere eskubaloian jokatzen zutenik".

Bizipen berriak, ugari

Eskubaloian aritzeko beste modu batzuk ezagutzeko ere balio izan die Suediako egonaldiak; izan ere, pista estalietan jokatzera ohituta daude, eta han aire zabalean egin behar izan dute eskubaloi kantxen neurrietara egokitu dituzten futbol zelaietan. "Hamabi bat talde izango ginen batera jokatzen ari ginenak eremu berean, futbol zelai bakoitzetik sei bat eskubaloi pista sortzen zituztelako", zehaztu dute. Hori horrela, txapelketan parte hartu duten hainbat taldetako jokalariak futboleko oinetakoekin aritu dira.

Euria ere egin dienez, bustian jokatzea "arraroa" izan dela diote. Nolanahi ere, ezin esan ez zutenik espero, Goteborgera bidaiatu aurretik jada bazekitelako futbol zelaietan aritu beharko zutela. Horregatik, espedizioa abiatu aurretik egin zuten entrenamenduren bat edo beste Astiko kirol gunean.

Joko eremuaz harago, pega –baloia hobeto heltzeko eskubaloi jokalariek eskuetan ematen duten erretxina– erabiltzea ere berria izan da zarauztarrentzat: "Lehenengo aldia izan da guretzat, eta hori baloia erabili ohi duguna baino txikiagoa zela", adierazi dute.

Euskal Herrian, jubenil mailan hasten dira pega erabiltzen, baina baloiaren tamaina aurreko kimu, infantil edo kadete mailetan erabili dutena baino handiagoa ere bada orduan. Hala, neskek bigarren neurriko baloia erabiltzen dute jubenil mailatik aurrera, eta mutilek hirugarrenekoa. Infantil mailan, ordea, biak aritzen dira lehenengo neurrikoarekin. Bada, Suediako txapelketan, zero neurrikoarekin aritu dira.

Kultur aniztasuna

Eskubaloian jokatu ez ezik, bestelakoak ere egin dituzte Zarauzko eskubaloi jokalari gazteek, noski: dantza, batez ere, baina turismo apur bat ere bai. Zentzu horretan, azaldu dute bazirela taldeak partida aurreko beroketa koreografia bidez egiten zutenak: "Bozgorailua jartzen zuten kantxaren erdian, eta haren inguruan jartzen ziren dantzan. Gustura ari zirela ikusita, gu ere batu ginen eta korro erraldoia osatu genuen hamarnaka lagun elkartuta".

Ildo beretik, euskal dantzen eskolak eman dituztela ere kontatu dute: "Gure taldeko jokalarietako batek euskal dantzak egiten ditu, eta autobusa hartzeko zain geundela taldekideetako batzuei zenbait pauso irakasten aritu zen. Halako batean, zertxobait zaharragoak ziren jokalari norvegiar batzuk gerturatu zitzaizkigun haiek ere ikasi nahi zutela esanez, eta denak batera aritu ginen, azkenean", azaldu dute.

Elkartruke horretan, elastikoak aldetzeko proposamenik ere jaso zuten, baina ezin izan zituzten onartu bakarra zutelako kolore bakoitzeko: elastiko arrosak eta urdinak eraman zituzten, hain zuzen. Nolanahi ere, lagun egin zituzten norvegiarrei eman zieten oparirik: "Ikurrina, Euskal Herriko lagunekin oroitu daitezen".

Halaber, jakinarazi dute talde parte hartzaileek batera igarotzen zituztela gauak, antolatzaileek hiriko hainbat eskolatan banatu zituztelako. Hala, hainbat kulturatako ohiturak lehen eskutik ezagutzeko, orotariko hizkuntzak entzuteko eta ingelesez zertxobait trebatzeko aukera ere eman die Partille World Cup txapelketak.

 

Hasierako sustoa

"Esperientzia aberasgarria" izan da oso Suediakoa herriko gaztetxoen hitzetan, baina "sustorik" ere hartu dute. Joaneko hegaldiarekin handiena: "Bilbon hartu behar genuen lehenengo hegazkina, baina hara iritsi ginenean esan ziguten bertan behera utzi zutela gure hegaldia. Hasiera batean, bertan jarraitu genuen irtenbidearen zain, eta, denbora egiteko, soka saltoan aritu ginen. Azkenean, Miarritzera (Lapurdi) bidali gintuzten hegazkina hartzera". Miarritzera bidean, herritik pasatu behar izan zuten autobusean atzera bueltan.

"Miarritzetik Frankfurtera (Alemania) joan ginen eskala egiteko, eta Zarautz baino handiagoa zen aireportu hura. Hango hotel batean igaro genuen gaua, baina bi ordu soilik egin genituen lo", jarraitu dute. Hala, aurreikusitakoa baino egun bat geroago heldu ziren Goteborgera, azkenean. Dena den, txapelketa hasi baino bi egun lehenago bidaiatu zutenez, ez zuten ezertxo ere galdu, ez partidarik, ezta "aurkezpen ekitaldi ikusgarria" ere.

Halaber, azaldu dute Frankfurtik Goteborgerako bidea bi hegazkinetan banatuta egin behar izan zutela. Horri lotuta, gogoratu dute ia 40 laguneko espedizioa izan dela Zarauztik Suediara joan dena, nahiz eta taldeko jokalariak hamahiru izan. Azken finean, hainbaten senideek ere haiekin egin dute bidaia.

Klubarekin kritiko

Gurasoek azaldu dutenez, beraiek ere "gogotik izerditu" dute kantxetatik kanpo, baina ez soilik jokalariak hauspotzeko oihuengatik; lan handia egin zuten Suediara joan ahal izateko: "Gabonetan Andoainen jokatutako txapelketa irabazi zutelako lortu zuten Goteborgeko txapelketa jokatzeko txartela gure alabek. Hori zen saria. Hango egonaldia ere antolakuntzaren esku zegoen, baina bidaia guk ordaindu behar genuen. Hala, babesle bila aritu behar izan dugu gastu horri aurre egin ahal izateko. Gainera, familia guztiek ez dute egoera ekonomiko bera etxean".

Azken horren harira, kritikatu dute, "klubak erraztasun gehiago ematea espero" zutela: "Zuzendaritzarengana jo genuenean laguntza eske, eta uste genuen izango genuela haren babesa, baina ez zen hala gertatu. Ezetzarekin erantzun zigun edota erantzun ere ez, hainbatetan. Gainera, eskatu geniena ez zen izan laguntza ekonomiko zuzena. Dituzten baliabideekin bidea erraztea nahi genuen; zozketaren bat antolatuta eta horretan parte hartzeko txartelak salduta, diru apur bat lortu ahal izateko, adibidez".

Hala, "ate asko" jo dituztela azaldu dute gurasoek, "baita udalarena ere". Diotenez, azken horrek ere ez zien lagundu, ordea. Horregatik, "oso eskertuta" agertu dira bidaia finantzatzea posible egin duten babesle guztiek emandako laguntzarekin. "Haiei esker, hegaldiak ez ezik, jokalariek bertan erabili dituzten elastikoak ere ordaindu ahal izan ditugu; izan ere, klubak hara joan baino bizpahiru egun lehenago jaso zituen azken denboraldian erabilitako elastikoak", kritikatu dute. Argitu dutenez, baloiak izan dira hara eramaten utzi dieten klubaren ondasun bakarrenetakoa, "baina hori ere ez oso aldarte onarekin", gurasoen hitzetan.

Hori horrela, deitoratu dute "pena" dela "sekulako denboraldia egin ondoren [Andoaingoaz gain, Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketak irabazi dituzte] eta Zarautzen izenean nazioartean lehiatzeko aukera suertatu zaion talde bati herriko erakundeek laguntzarik eman ez izana".

Oztopoak oztopo, azkenean, Suediara joan eta "sekulako gozatua hartu" ahal izan dutenez, ezin gusturago itzuli dira jokalariak. Gainera, nabarmendu dute elkarrekin egin duten ibilbideari "amaiera borobila" emateko balio izan diela bidaiak; izan ere, datorren sasoira begira banatu egingo dute taldea. Azaldu dutenez, herriko lau ikastetxetako jokalariek osatzen dute taldea eta eskubaloi eskolan elkartu ziren. Horren atzetik etorri dira infantil mailako azken bi urteak. Horiek ere atzean utzita, kadeteak izango dira hurrengo denboraldian, eta, baliteke hainbat jokalari Euskal Ligako taldean aritzea aurrerantzean.

Honako erreportajea GUKAsteka Zarauzko astekari digitaleko hirugarren zenbakian argitaratu da. GUKAsteka astean behin bidaliko zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal izango ditu, baina protagonistak beti izango dira Zarautz eta zarauztarrak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide