Boga Boga Festibalean kontzertua eskainiko du Ithaka taldeak

Erredakzioa 2024ko uzt. 28a, 10:00

Ithaka taldea.

Boga Boga Festibala izango da Donostian irailaren 4tik 15a bitartean, eta bertan taularatuko diren taldeen zerrenda jakinarazi dute antolatzaileek; tartean, Orioko eta Zarauzko kidez osatutako taldea dago.

Ithaka laukotea Donostiako Boga Boga Festibalean ariko da zuzenean. Jaialdia irailaren 4tik 15era izango da, eta oriotarrez eta zarauztarrez osatutako taldeak irailaren 6an, ostiralarekin, eskainiko du zuzeneko emanaldia.

Aieteko parkean izango da kontzertua, eta nolabait ere, jaialdiko inaugurazio emanaldia izango da. Karteleko artista nagusiak Seatle-eko (AEB) grunge estiloaren aitabitxi diren Mudhoney izango dira, eta haiekin batera, Lisabo eta Melenas taldeek ere joko dute. Ithakak osatuko du arratsaldeko egitaraua.

Emanaldia 18:00etan hasiko da, eta sarrerak 35 euro balio du; dagoeneko eskuragarri daude Boga Boga Festibaleko webgunean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide