Ainitze Zumeta aise nagusitu da Lau Arroa txapelketako kanporaketan

Andrea Zipitria 2024ko uzt. 26a, 11:00

Lierni Osa, Maddi Gesalaga eta hirurak finalerako sailkatu dira. Abuztuaren 10ean izango da, Aian.

Lau Arroa harri-jasotze txapelketaren kanporaketa jokatu zuten atzo eguerdian, Aiako Santio Erreka auzoko frontoian, jendez lepo zela. Hamabi harri-jasotzailek parte hartu zuten lehian, eta tartean eskualdeko batzuk izan ziren: Elene Ostolaza eta Udane Ostolaza oriotarrak; Olaia Esnaola azpeitiarra; eta Maddi Gesalaga, Ainitze Zumeta eta Lierni Osa zarauztarrak. Guztien artean, Zumeta izan zen atzokoan nagusi.

Ondorengo lanak egin behar izan zituzten guztiek: bi minutuko tartean ahalik eta altxaldi gehien egiten saiatzea 50 kiloko harri zilindrikoari, kubikoari eta bolari. Eskualdeko harri-jasotzaileek lan txukunak egin zituzten, eta abuztuaren 10ean Aian izango den finalerako lau txarteletatik hiru Zarauzko ordezkariek lortu zituzten: Lierni Osak, Maddi Gesalagak eta Ainitze Zumetak. Bestea Olaia Esnaola azpeitiarrarentzat izan zen.

Zumetak erraz irabazi zuen txapelketako kanporaketa. Hiru harrietan gailendu zen zarauztarra: 30 altxaldi egin zizkion zilindroari, 21 kubikoari eta 32 bolari. Maddi Gesalaga geratu zen bigarren postuan; guztira, 3.800 kilo altxa zituen, 30 aldiz zilindroa, 20 bider kubikoa eta 26 aldiz bola.

Hirugarren eta laugarren postuetan, berriz, berdinketa izan zen Olaia Esnaolaren eta Lierni Osaren artean. Biek ala biek 3.650 kilo jaso zituzten, guztira. Epaimahaiak bakoitzaren pisuak hartu zituen kontuan hurrenkera zehazteko. Ondorioz, Osari egokitu zioten hirugarren postua: zilindroa 27 aldiz jaso zuen zarauztarrak, 18 aldiz kubikoa eta 28 bider bola. Esnaolaren kasuan, 30 bider jaso zuen zilindroa, 20 bider kubikoa eta 23 aldiz bola. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide