Eulen-Nuukeko Eñaut Otegik esprint berezien saria irabazi du Leintz Gatzagako lasterketan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uzt. 24a, 13:30

Eñaut Otegi Leintz Gatzagako podiumean esprint berezien sariarekin. (Eulen-Nuuk)

Zarauzko txirrindulari taldeko ordezkari gazteak ihesaldia harrapatzea lortu du eta horri esker igo da podiumera Lehendakari Torneoko hirugarren proban. Larunbatean izango dute hurrengoa.

Jira-Bira Eulen-Nuuk Zarauzko txirrindulari taldearen maillota ikusgai izan zen joan den igandean, Leintz Gatzagan jokatutako Lehendakari Torneoko hirugarren probako podiumean; izan ere, Eñaut Otegi gazteak esprint berezien saria irabazi zuen. Taldea gustura agertu da Otegiren lanarekin, nabarmendu baitu "txirrindulari amateur ona izateko dohainak erakusten" ari dela. Zentzu horretan, gazteak igandean erakutsi zuen "lasterketa irakurtzeko gaitasuna" goraipatu du Eulen-Nuukek, ihesaldia harrapatzea lortu baitzuen.

Otegik ez zuen lortu helmugara ihes eginda iristea, azkenean, eta 39. postuan sailkatu zen. Aimar Alarcia izan zen Zarauzko taldeko txirrindulari onena hamalaugarren postuan. Eulen-Nuukeko txirrindulariek larunbatean izango dute Lehendakari Torneoko hurrengo proba Villatuertan. Laugarrena izango da, esan bezala, eta hamaseik osatzen dute txapelketa, guztira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide