Iritzia

Ama

Andoni EgaƱa - Berria.eus 2024ko uzt. 25a, 12:30

Antonia Maria, Txiki semearen hilobi aurrean. (Gari Berasaluze)

Igandean zendu zen Antonia Maria Manot izan zuen atzo hizpide Andoni Egañak Berria egunkariko Hitz etzanak iritzi atalean.

Bateratsu iritsi ginen barriora, etxe berriak prest egon ahala. Barrioan elkartu ginen inguruetako auzo eta herri txikietatik zetozen baserritarrak, herrigunean ordura arte maizter izandakoak, eta ordurako hemen urte batzuk lanean zeramatzaten etorkinak. Etxe berria! Eta barrio bat, osatzen ari zena.

Alargun dut gogoan nik, senarra garaitsu hartan zendu baitzen. Berrogeita gutxi urteko emakume alarguna, zazpi seme-alabaren ama, bere jaioterritik urrun. Ez nintzen orduan jabetzen emakume haren bizimoduak zaila behar zuela derrigor. Umetan dena da jolas. Futbolean aritzen ginen bazkalondoetan bi anaia, Jon —lantokira bidean— eta Kepa, bi anaiaren kontra, Josu eta ni, euren etxepeko gure garajearen atea, porteria bakar.

Barrioa ari zen auzotzen. Ezkutatu zen Jon norabait. Etxe berrira aldatu eta hiru urtera, iraileko egunsenti batez, dena aldatu zen arte. Tximista batek erre zuen betirako kanpotarrei «coreano» deitzeko geneukan ohitura narras hura. Ordainetan, ama hark labankada bat jasan behar izan zuen bihotz-bihotzean. Bizimodu zailari sufrimendua erantsi zioten Francoren azken ahaleginek. Ia joan da mende erdi. Asmatu du familia euskaldun zintzo bat hezten. Igandean heldu zen Azken Portura Antonia Maria. Hain berea duen lur honek goxo har dezala.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide