Zuazon arituko da Ugazi Manterola

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uzt. 23a, 13:30

Ugazi Manterola Aialarekin Aritzbatalden jokatutato Zilarrezko Ohorezko Mailako azken partidari ekin aurretik. (Luis Epelde)

Barakaldoko eskubaloi taldea Guerreras Iberdrola Ligara itzuli berri da eta mailari eustea izango du helburu datorren sasoian. Jokalari zarauztarraren fitxaketarekin eskuin hegala indartu du.

Ugazi Manterola eskubaloi jokalari zarauztarrak Barakaldoko (Bizkaia) Zuazo taldean jokatuko du datorren denboraldian. Hala, aurrera urrats garrantzitsua egingo du Manterolak bere kirol ibilbidean, Espainiako gorengo mailan arituko baita; Guerreras Iberdrola Ligan, hain zuzen ere.

Bizkaiko taldea Urrezko Ohorezko Mailan aritu zen joan den denboraldian 2022an maila galdu ondoren, eta gorenera itzultzea lortu ondoren, eustea izango du xede. Bada, lan horretan aurrera egiteko eskuin hegala indartu nahi izan du eskubaloi jokalari zarauztarra fitxatuta. Zuazok atzo egin ekin zion denboraldi aurreko prestaketari eta Manterolak lehenengo entrenamenduan parte hartu zuen Izei Permach herrikidearekin batera; izan ere, herriko bi eskubaloi jokalariak taldekideak izango dira aurrerantzean.

Eskuin hegalekoak hamar partida soilik jokatu ahal izan ditu etxeko taldean azken denboraldian, luzea izan baita iaz izandako belauneko lesio larritik osatzeko prozesua. Dena den, maila ona erakutsi du itzuleran eta horren erakusle dira sartu dituen 21 golak. Horrez gain, junior mailako Espainiako selekzioarekin deia jaso zuen joan den ekainean eta nazioarteko President’s Cup txapelketa irabazi zuen Munduko Txapelketatik kanporatua izan ondoren. Manterola, gainera, taldeko golegile nagusia izan zen Angolaren aurkako finalean; bost sartu zituen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide