Futsal Cup Txapelketako multzoen fasea jokatu dute gaur goizean

Julene Sorarrain 2024ko uzt. 20a, 14:30

Lehiaketaren lehenengo edizioa da eta taldeak Lizardiko eta Aritzbataldeko kiroldegietan lehiatu dira. Bihar kanporaketak eta finala jokatuko dituzte.

ZKEren Areto Futboleko sailak antolatuta, Zarautz Futsal Cup txapelketako lehenengo edizioari ekin diote gaur goizean. 09:00etatik 13:00etara bitartean jokatu dituzte partidak, Aritzbatalde kiroldegian eta Lizardi kirol aretoan, eta ordu erdiko iraupena izan dute. Gaurkoan guztira hemezortzi partida jokatu dituzte.

A multzoan, Vodka Juniors eta Zalditxoak taldeak sailkatu dira, bakoitza 6 punturekin; B multzoan, Drillers eta Puristak taldeak, 6 eta 3 punturekin; C multzoan, aldiz, Minavo de Kiev eta Gold Rush taldeak sailkatu dira, bakoitza 5 punturekin; eta azkenik, Jogo Bonito eta Koko KFC taldeek lortu dute puntuazio onena, 6 eta 3 punturekin. Multzoen fasea amaituta kanporaketei ekingo diete, eta bihar hasi eta amaituko dituzte. Multzo bakoitzetik bi talde sailkatuko dira final-laurdenetara eta finala 12:30ean izango da Aritzbatalden.

Sariei lotuta, areto futboleko atalak jakinarazi du irabazleak garaikurra, dominak, taldeko afaria eta kirol-jertseak jasoko dituela, txapeldun ordeak kopa eta taldeko afaria, eta, hirugarren sailkatuek surfeko klasea. Horrez gain, banakako sariak ere izango dira txapelketan nabarmentzen diren jokalarientzat: futbolari onenak, atezain onenak eta golegile nagusiak irabaziko dituzte eta kopa eta herriko dendetan gastatzeko bonua emango diete denei. Beste hainbat opari ere emango dituzte zozketa bidez.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide