Esparragueratik (Bartzelona) bisita jaso du Zarautzek eta udaleko ordezkariek ongietorria eman zioten atzo Nil Lamana Castellers d'Esparraguerako presidenteari. Emanaldiak eskainiko dituzte gaur goizean nahiz arratsaldean. 12:00etan, kalejira egingo dute arratsaldeko emanaldia iragartzeko, eta 17:30ean, giza dorrea egingo dute Lege Zaharren Enparantzan. Nil Lamana elkarteko presidenteak azaldu duen bezala, adin guztietako 122 partehartzaile inguru etorri dira, gazteenak lau eta bost urtekoak izanik.
Udalak azaldu duenez, kataluniarrek proposatu zioten Zarauzko Udalari herrian ekitaldia egitea, haientzat «ohikoa» delako udan horrelako irteerak gauzatzea. Aldi berean, beren emanaldia euskal kulturarekin uztartzea proposatu zuten, eta horregatik, herri kirolen emanaldi batekin uztartuko dute kataluniarren erakustaldia. Emanaldia Mikel Lopetegi Urrak, Ainitze Zumetak, Xabat Olaizolak eta Nerea Arrutik eskainiko dute.