Astelehenean irekiko dute Aritzbataldeko igeriketa ikastaroetan izena emateko epea

Mireia Galarza Bastida 2024ko uzt. 21a, 12:00

Aritzbataldeko igerilekua. (Guka)

Izena emateko azken eguna abuztuaren 31 izango da, eta udalak irailaren 6rako argitaratuko ditu zerrendak. Ikastaroak, berriz, urriaren 7an hasiko dituzte.

2024-25 ikasturteko igeriketa ikastaroetan izena emateko epea irekiko dute datorren astelehenean, eta horretarako aukera izango dute herritarrek abuztuaren 31ra arte.

Udalak azaldu duenez, zozketa bidez aukeratuko dituzte erabiltzaileak, eta bakarra egingo dute ikasturte osoan. Izan ere, hurrengo hiruhilekotik aurrera beste prozedura bat jarraituko dute; aritu gabeei lehentasuna emango diete eta jada ikastaroetan dabiltzanen artean barne zozketa egingo dute. Aldaketa horren helburuak "kudeaketa arintzea, erraztea eta optimizatzea" direla azaldu du udalak. Horretaz gain, gehitu dute prozeduraren inguruko zehaztapen guztiak eskuragarri daudela Aritzbataldeko harreran.

Zozketaren emaitzak irailaren 6rako argitaratuko ditu erakundeak Zarauzko Udalaren webgunean zein Aritzbataldeko oharren panelean, eta ikastaroak urriaren 7an hasiko dituzte. Informazio gehiago nahi duenak Aritzbataldeko harreran galdetu edota 943-00 51 23 telefono zenbakira deitu beharko du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide