Goretti Eizagirrek abestuko du aurtengo Udako Musikaldian

Aritz Mutiozabal 2024ko uzt. 20a, 10:00

Irune Urbieta Kultura zinegotzia eta Goretti Eizagirre soprano zarauztarra. (Zarauzko Udala)

Musika klasikoari eskainitako lau emanaldi antolatu dituzte Santa Klaran egitasmoaren 36. aldian. Lehena abuztuaren 2an izango, eta azkena 31n. Hain justue, amaierako kontzertua eskainiko du soprano zarauztar gazteak.

Zarauzko Udako Musikaldiak herritarrek musika klasikoaz gozatzeko aukera aparta eskaini ohi du, eta 36. edizioak ez du inor axolagabe utziko. Santa Klara elizan. Lau kontzertu programatu dituzte abuztura –hilaren 2an, 23an, 30ean eta 31n–, eta emanaldi guztiak Santa Klara komentuko elizan izango dira, 20:00etan hasita.

Elizak 200 pertsonentzako edukiera mugatua duenez, aurtengoan berrikuntzak izango ditu sarrerak eskuratzeko orduan. Aurreko urteetan gonbidapen bidez funtzionatzen funtzionatzen zuen, baina ondoren sarrera zutenak ez ziren emanaldira agertzen, gainerakoei sarrera eragotziz. Hori guztia saiheste aldera, 4 euroan jarriko dituzte salgai sarrerak Modelo aretoan, ohiko ordutegian, uztailaren 25etik 31ra, eta Kutxabanken atari digitalean.

Herrriko sopranoa

Programazioari dagokionez, nabarmentzekoa da Goretti Eizagirre soprano zarauztarrak bere aurkezpen kontzertua eskainiko duela musikaldiaren amaierako saioan, abuztuaren 31n. 26 urteko abeslariak zortzi urterekin ekin zion bere musika-ibilbideari Zarauzko Bilaun akademian. 2015etik aurrera, ahots teknika lantzen aritu da Naroa Enekotegirekin, eta hainbat zentrotan egin ditu musika ikasketak; besteak beste, Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga musika ikastegian, Donostiako Orfeoian, M.A. Laborategian eta Madrilgo Katarina Gurska Goi Mailako Musika Zentroa.

“Herritarren gozamenerako ikuskizunak antolatzeaz gain, zarauztarren talentua sustatzeko ere balio dute urtean zehar antolatzen ditugun jaialdi eta ekitaldi hauek. Hori dela eta, zarauztarrei Gorettiren talentua ezagutzeko aukera eman nahi diegu Musikaldiko azken kontzertu honekin”, zehaztu du Irune Urbieta Kultura zinegotziak.

Itziar Barredo piano-jotzailea lagun duela, Giulio Caccini, Tommaso Giordani, Vincenzo Bellini, Aita Donostia, Jose Maria Iparragirre, Pablo Sorozabal, Wolfgang Amadeus Mozart, eta Jacinto Guerreroren obrak kantatuko ditu.Eizagirrek bere emanaldian.

Emanaldiz emanaldi

Mario Prisuelos & Sigma Project Quartet taldearen Inblue kontzertuak emango dio hasiera Udako Musikaldiari, abuztuaren 2an. Mario Prisuelos pianistak eta Sigma Project Quarteteko kideek –Andres Gomis saxo sopranoa, Angel Soria saxo altua Alberto Chaves saxo tenorea eta Josetxo Silguero saxo baritonoak- Philip Glass, Leonard Bernstein eta George Gershwinen obrak interpretatuko dituzte .

Abuztuaren 23an, Josu de Solaun piano-jotzaileak Chopin, Prokofiev eta Schumann bezalako maisuen musika interpretatuko du, eta abuztuaren 30ean, euskal musikaren txanda izango da, Maite Arruabarrena mezzosopranoaren, Aitzol Iturriagagoitia biolin-jotzailearen eta Susana Garcia de Salazar pianistaren eskutik. 1870-1939: Kantua Euskal Herrian izenburupean, Julie Adrienne Karrikaburu, Aita Donostia, Anita Idiartborde, Jesus Guridi eta Emma Chaconen musika oholtzaratuko dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide