Gran Camping Zarautzek 60 urte bete ditu eta gaur goizean ospatu dute ekitaldi baten bitartez. Hainbat pertsona gerturatu dira ekitaldira, besteak beste, Zarauzko Udaleko alderdi guztietako ordezkariak, Xabier Txurruka alkatea, Iñigo García Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria, Irati Sesma Gran Camping Zarauzko gerentea eta Jon Arozena Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria. Ospakizunean kanpinaren sortzaile Bernabé eta Jose Luis Makazaga omendu dituzte, eta gogoan izan dituzte Makazaga familiako gainontzeko anaiak ere.
Arratsaldean zehar, hainbat doako jarduera egingo dituzte herritar guztientzat zuzenduta. Haurrentzako puzgarriak eta atrakzioak izango dira, baita bideojokoetan aritzeko, eskulanak egiteko eta aurpegia margotzeko txokoa ere. Km0-ko produktuak saltzeko postuak ere antolatu dituzte kanpinaren inguruan.
Xabier Txurruka alkateak bere Facebook-eko orrialdean partekatu du "ohorea" izan dela kanpinaren 60. urteurrenean parte hartu ahal izana: "Gure herriko leku paregabe batean kokatutako ostaturako aukera oso berezia, zarauztar askok asko maite dugun txokoa eta mundu osoko bisitarien aldetik oso ondo balioetsia".
