Rally autoen geldialdia larunbatean malekoian

Ian Ruiz Lizaso 2024ko uzt. 18a, 12:00

2017ko auto klasikoen topaketa Zarautzen. (GUKA)

Azpeitiko XXI. Rallye Klasikoko autoek geldialdia egingo dute larunbatean, Daman, malekoian. Aurreikuspenen arabera, 17:00ak aldera izango da.

Maykel del Ciden omenezko Klasikoen XXI. Azpeitia Hiria Rallya jokatuko dute larunbatean, Lagun Artea eskuderiak antolatuta. 11:00etan irtengo dute parte hartzaileek Azpeitiko Epaitegiaren plazatik. Atzo iluntzean bukatu zen rallyan izena emateko epea, eta atzora bitartean 70 gidari inguruk zuten inskripzioa eginda.

Azpeitian izango du irteera eta helmuga klasikoen rallyak; aurtengoak 240 kilometroko ibilbidea izango du, eta horietatik 190 kilometro erregulartasun tartekoak izango dira. Erlojupeko lau zati egin ondoren, Legazpiko (Gipuzkoa) Atxuri jatetxean geldituko dira parte hartzaileak bazkaltzeko.

Bazkalostean, erlojupeko beste bi zati egingo dituzte auto gidariek eta kopilotuek, eta Zarautzen geldituko dira. Haiek atseden hartu bitartean, autoak malekoian jarriko dituzte erakusgai tarte batean; 17:00 aldera izango da hori. Gero, rallyaren helmugarako bidean, ibilbidearen bide zatirik luzeena egin beharko dute parte hartzaileek; 33,5 kilometrokoa. Rallyaren antolatzaileek 19:08rako dute aurreikusita rallyaren bukaera ordua. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide