Futsal Cup txapelketako lehenengo edizioa asteburuan jokatuko dute

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uzt. 17a, 13:30

ZKEren Areto Futboleko sailak antolatu du eta Aritzbatalde kiroldegian eta Lizardi kirol aretoan jokatuko dituzte partidak. Hamasei taldek parte hartuko dute, orotara.

ZKEren Areto Futboleko sailak antolatuta, Zarautz Futsal Cup txapelketako lehenengo edizioa jokatuko dute asteburuan "areto futbola zarauztarren artean zabaltzeko". Larunbat eta igande goizean, 09:00etatik 13:00etara bitartean, jokatuko dituzte partida guztiak, Aritzbatalde kiroldegian eta Lizardi kirol aretoan, eta ordu erdiko iraupena izango dute. Guztira, hamasei talde arituko dira nor baino nor lau multzotan banatuta.

Hori horrela, larunbatean multzoen fasea jokatuko dute eta igandean kanporaketak eta finala. Hala ere, igandean izango da multzoen faseko neurketarik ere, B, C eta D multzoko azkenengoak, hain zuzen. A multzoko guztiak larunbatean jokatuko dituzte. Multzoen fasea amaituta kanporaketei ekingo diete, eta igandean hasi eta amaituko dituzte, esan bezala. Multzo bakoitzetik bi talde sailkatuko dira final-laurdenetara eta finala 12:30ean izango da Aritzbatalden.

Sariei lotuta, areto futboleko atalak jakinarazi du irabazleak garaikurra, dominak, taldeko afaria eta kirol-jertseak jasoko dituela, txapeldun ordeak kopa eta taldeko afaria, eta, hirugarren sailkatuek surfeko klasea. Horrez gain, banakako sariak ere izango dira txapelketan nabarmentzen diren jokalarientzat: futbolari onenak, atezain onenak eta golegile nagusiak irabaziko dituzte eta kopa eta herriko dendetan gastatzeko bonua emango diete denei. Beste hainbat opari ere emango dituzte zozketa bidez.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide