Shelter 4Teens surf txapelketa gizarte inklusioaren eta ingurumenaren alde

Julene Sorarrain 2024ko uzt. 17a, 16:00

Irailaren 13tik 15era bitartean egingo da lehiaketa. Bost kategoria bereiziko dira, besteak beste, 10 urtez azpiko eta 14 urtez azpiko neska-mutilak nahiz surf egokitua adin guztientzako gazteentzat. Izen ematea zabalik dago jada.

Zarauzko Shelter Surf zentroak 4Teens txapelketaren VIII. edizioa antolatuko du irailaren 13tik 15era bitartean. Surfaren eta lehiaketaren balioak gazteei helaraztea du helburu ekimenak, ingurunearen, itsasoaren eta itsasertzaren zaintza bultzatzearekin eta gizarte-inklusioa eta bizimodu osasungarria sustatzearekin batera.

Atzo batu ziren Aritz Aranburu surflaria, Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde antolaketako diputatua, Leire Arana Zarauzko Udaleko Turismo, Jai eta Ekitaldi zinegotzia, Karmele Segura Laboral Kutxaren Gipuzkoako komunikazio arduraduna eta Esther Irigaray Aquarium-eko zuzendaria, itsasoen egoeraren inguruan kontzientzia piztu nahi duen Bihotz Urdinak proiektuko ordezkari gisa.

Aranak udalaren baloreekin "oso lerrokatuta" dauden lau arlo nabarmendu zituen, hala nola, kirola, familia turismoa, gizarte ekintza eta ingurumena. Segurak eta Irigarayek surfak itsas ingurumenarekin duen parte-hartzea eskertu zuten: "Kirol egokitua ere sustatuko dugu eta hau lortu ahal izateko, zein aukera bikaina dugu hemen Zarautzen egotea, Aritz eta Shelter taldearen eskutik, surf topaketa inklusibo hau sustatzeko". Dominguezek balio berezia eman zion ekitaldi honi, izan ere, Gipuzkoa "parekideagoa eta inklusiboa" egiten laguntzen duela zehaztu zuten.

Shelter Surf

Shelter Surf 4Teens txapelketa eta Kind Surf programa formakuntza eta gizarte-inklusioa batzen dituzten bi proiektu dira, eta urtez urte, egonkortzen eta zabaltzen ari dira.

Era berean, aholkularitza-zerbitzua eskaintzen dute surfaren alorreko kirolari, profesional zein enpresentzat, eta urtea bukatu baino lehen, surf-bidaia bat antolatuko dute aurrenekoz, Euskal Herriko hondartzetatik at, surfaz gozatzen jarraitu nahi duten gazte eta helduentzat.

Kind Surf Challenge 

Kind Surf programa Shelter Surfen proiektu nagusietako bat da. Maiatzean abiatu zuten 7. denboraldia, eta urrira arte, aniztasun funtzionala duten 24 gazte sartzen dira astero uretara, olatuak hartzera. Shelter Surfeko monitoreek lagunduta, autonomia lantzen dute entrenamenduetan, eta onura fisikoak nabaritzen dituzte, kirolaren bidez besoetako eta gorputzeko giharrak indartzen dituztelako. Maila fisikotik harago, maila emozionalean uzten duen arrastoa da nabarmenena, “olatuen gainean denok maila berean eta aske garelako”, azaldu izan du Aranburuk proiektuaz galdetutakoan.

Shelter 4Teens txapelketaren baitan, gainera, Seiko Kind Surf Challenge erronka egingo dute, irailaren 13an. Seiko erloju-enpresa japoniarrak babestuko du aurtengo edizioa, eta Euskal Herriko enpresek ere aukera dute lehiaketan parte hartzeko. Bildutako dirua urte osoko programa finantzatzeko erabiliko da.

14 urtez azpiko nesken eta mutilen kategorietako zortzi finalistek, gainera, lau eguneko surfcamp-az gozatzeko aukera izango dute urriaren 10etik 13ra bitartean, Zarautzen. Aritz Aranburu, Indar Unanue eta Rudy Palmboomekin batera, surf clinic edo teknika eta errendimendua hobetzeko saio intentsiboak egingo dituzte, hala nola, entrenamenduak hainbat hondartzan, entrenamendu funtzionalak eta solasaldiak Aranbururekin.

Izena emateko epea zabalik dago eta Shelter 4Teens webgunearen bidez egin daiteke. Bost kategoria bereiziko dira, besteak beste, 10 urtez azpikoak, nesken eta mutilen kategorietan; 14 urtez azpikoak, nesken eta mutilen kategorietan; eta azkenik, surf egokitua, adin guztietako neska-mutilentzat. Izen-emateak 30 euroko kostua du, larunbat eta igandeko bazkariak barne.

Egitaraua

Irailak 13, ostirala: Kind Surf Challenge by Seiko

13:30. Taldeen checking-a.
14:00. Parrillada eta musika egun osoan.
14:30-19:00. Taldekako Kind Surf Challenge txapelketa.
16:00-17:00. Surf ikastaroak.
19:00-23:00. Barbakoa eta kontzertuak.

Irailak 14, larunbata: Shelter 4Teens txapelketa

08:00-19:00. Surf txapelketa. 14 urtez azpiko eta 10 urtez azpiko kategoriak.
17:00. Haurrentzako jasangarritasun eta ingurumen tailerra.
19:00-23:00. Parrillada egun osoan eta txapelketaren ondoren, musika.

Irailak 15, igandea: Shelter 4Teens txapelketa

08:00-17:00.Surf txapelketa.
12:00-14:00. Surf egokituko kategoria.
17:00-18:00. Skate txapelketa.
18:00-19:00. Sari banaketa eta VIII. Shelter 4Teens parte hartzaile guztien azken argazkia.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide