Amaia Olcozen erakusketa Torre Luzean

Ian Ruiz Lizaso 2024ko uzt. 17a, 12:00

Amaia Olcoz Descuadre erakusketa. (Utzitakoa)

Des-cuadro izenarekin, erakusketa Torre Luzean egongo da ikusgai. Doakoa da.

Amaia Olcoz artistaren Des-cuadro erakusketa antolatuko dute Torre Luzean. Bihartik hasita, irailaren 15ra arte egongo da. Ordutegiari dagokionez, egunero 18:00etatik 20:00etara ikusi ahalko da. Lan hau ere ikusgai egon da 2022ko abenduaren 15etik hainbat herritako erakusketa-aretoetan eta kultura-espazioetan: Pamplona, Sevilla, Tafalla, Tutera, Barasoain, Peralta, Olite, San Martín de Unx, Zaragoza... 

Amaia 69an jaio zen. Diseinua ikasi zuen Zaragozan 1987tik 1991ra bitartean, eta lehen urteetan, modaren munduan aritu zen bere bilduma propioa diseinatzen eta prestatzen. Finalista izan zen Bilboko diseinatzaile berrien “Expo Consumo 1990” azokan.

Espiritu polifazetikoa du, eta hainbat ipuin idatzi eta argitaratu ditu. Ilustratzaile gisa aritu da “Corazón de Hielo, Corazón de Sol”, “Caco”, “El Baúl de Paula” liburuetan. Gidoilaria, eszenografoa eta antzerkilanetako zuzendaria izan da, besteak beste, obra hauetan: “Corazón de Hielo, Corazón de Sol”, “El Monstruo de Alicia”, “La Habitación Violeta”, “Cuadracol”, “La Rosa de los Deseos”, “El Sapo Verul”. Sevillan egindako egonaldian, 2014an, “José Muñoz Castillejo” antzerki-lehiaketaren lehenengo saria jaso zuen jantzietan, attrezzoan eta eszenografian. 2019an berriz, aipamen berezia jaso zuen “La Recovera” poesia-lehiaketan. 2022ko udan Kulturgunean lanak erakutsi zituen Tafallako pintore-taldeko kide izan da. 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide