Eibarrek eta Real Unionek lagunartekoa jokatuko dute larunbatean, Astin

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uzt. 17a, 09:00

Eibarrek eta Real Unionek jon den urtean Astin jokatutako denboraldi aurreko partida. (Jabi Gonzalez Toston)

Denboraldi aurreko lehenengo partida izango da bi taldeentzat eta 11:30ean hasiko da. Sarrerak ordubete lehenago jarriko dituzte salgai, futbol zelaian bertan.

Bigarren mailako Eibarren eta Espainiako Futbol Federazioko lehenengo mailako Irungo Real Unionen denboraldi aurreko prestaketa lanen lekuko izango da Asti aurten ere. Bi taldeek elkarren aurkako lagunartekoak jokatu dituzte Zarauzko futbol zelaian azken urteetan abuztuko bigarren erditik aurrera hasiko dituzten liga denboraldietara ahalik eta sasoirik onenean iristeko, eta, esan bezala, errepikatu egingo dute, beste behin.

Gipuzkoako bi taldeentzat aurre denboraldiko lehenengo partida izango da, eta, ondorioz, Astira bertaratzen direnek bi taldeek fitxatu berri dituzten jokalarien lehenengo minutuak ikusteko aukera izango dute. Partida 11:30ean hasiko da eta ordubete lehenago, 10:30etik aurrera, jarriko dituzte salgai norgehiagoka ikusteko sarrerak. Ain txikikoentzat doakoak izango dira eta helduek 5 euro ordaindu beharko dituzte.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide