Iritzia

Taupada

Andoni EgaƱa - Berria.eus 2024ko uzt. 15a, 13:30

Salberdin eremuan etxebizitzak eraikitzen. (Ian Ruiz Lizaso)

Herriko lurraren kontrako kolpeak izan zituen atzo hizpide Andoni Egañak Berria egunkariko Hitz etzanak iritzi atalean.

Hitz polita iruditzen zait taupada. Berez polita. Baina metaforizatzen hasten garenean, maiztuaren maiztuz segur aski, hotz uzten nau. «Herri honen taupada», «udaren taupada», «bizitzaren taupada»... Puf! Askotan pentsatu izan dut ez dudala aski sentiberatasun. Edo ozpintzen hasia nagoela...

Modu batera hitz egiten dugu eta bestera bizi gara, eta ez dirudi berehalakoan oreka lortuko dugunik. Hainbeste «lurraren taupada» edo «ama lurraren taupada», eta nik —gure herrian behintzat bai—, entzuten ditudan taupada bakarrak lurraren kontrakoak dira. Hilabeteetan, ordu askoz egunean eta minutuero hirurogeiren bat. Pun! Pun! Pun! Pun! Mailu erraldoi batek lurra kolpatzen du etxe berriak eraikitzeko prestatzen ari diren orube batean. Hotsa urrutira entzuten da. Eta sarkorra da. Udako beroa eraman ezinda bazabiltza eldarnioak ere sortuko dizkizu, azkenerako ez baitakizu ongi zeure bihotz taupadak entzuten ari zaren edo mailu erraldoiak sorturikoak diren. Eta ez gara behar beste kexatzen. Garapenak eta ongizateak derrigor eskatzen duten peajearen partetzat hartzen dugu nonbait kolpe-hotsen molestiarena.

Alkate edo zinegotziren bat «lurraren taupadak» aipatuz entzuten dudan unean erretzeari utziko diodala hitzematen dut. Iritsiko da eguna...

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide