Enbata hirugarren sailkatu da berriro

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uzt. 15a, 10:00

Enbata atzo Sestaon jokatutako estropadan. (Iker LarraƱaga)

Sestaon jokatu dute estropada, baina KAE1 Ligako trainerua ez da lehiatu, bertan behera utzi dutelako gizonen jardunaldia.

Sestaon jokatu zuten atzo ETE Ligako zazpigarren jardunaldia eta Zarautz Arraun Elkartearen ontzia hirugarren sailkatu zen berriro ere. Atzekoz aurreko estropada egin zuen Enbatak; izan ere, ziabogan bost segundo galtzen zituen bigarren zihoan Astillerorekin, eta, azkenean, bi segundo eskasera amaitu zuen. Bandera Zumaiak irabazi zuen, denboraldiko bosgarrena. 

Sailkapena orokorrari erreparatuta, bestalde, atzoko hirugarren postuari esker, Kaikuri ateratzen dion aldea beste puntu bat zabaldu du ZAEk. Hala, hiru puntu ateratzen dizkio orain ontzi bizkaitarrari. Kontrara, gero eta urrunago ditu sailkapenaren buruan diren Telmo Deunek eta Astillero; izan ere, zarauztarrek 11 puntura dute bigarren postua orain.

KAE1 Ligako gizonezkoen traineruak, berriz, ez du estropadarik izan asteburu honetan. Emakumeen ondoren aritzekoak ziren Sestaon bertan, baina baimenekin izandako arazo bat tarteko bertan behera utzi zuten atzoko estropada. Datorren astean, bi ligetako ontziek estropada bakarra izango dute berriro ere, eta Pedreñan (Kantabria) jokatuko dute, larunbat arratsaldean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide