70 urte bete dira Zarauzko Basor lantegian Derlan motoak ekoizten hasi zirenetik eta hori gogoratzeko urteurren ekitaldia egin dute eguerdian. Hala, lau motok itzulia egin dute herriguneko errepideetatik eta Lege Zaharren Enparantzan egin dute azken geldialdia. Zentzu horretan, zehaztu behar da, abiatu diren lau motoetatik bakarra heldu dela martxan helmugara. Eguraldia lagun, dozenaka herritar zituzten zain eta jakin minak nahiz nostalgiak bultzatuta motoak goitik behera aztertu dituzte eta gainera igo denik ere izan da.
Derlan motoen inguruko informazio xehea eman duten Igor Etxabe EHUko irakaslearen, Xabier Alberdi historialariaren eta Juan Mari Iraola ingeniari ohiaren azalpenak ere adi entzun dituzte bertaratuek. Halaber, Merkatu Plazako goiko solairuen goiko solairuan erakusketa zabaldu dute eta berau bisitatzeko aprobetxatu dute askok. Hilaren 28ra arte egunero izango da ikusgai 18:00etatik 20:00etara.