Jai giro betean dira Vista Alegreko auzotarrak

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uzt. 13a, 14:00

Txupina jaurtita lehertu da festa eta giro ederrean jarraitu dute sardinadarekin. 45 kilo erre dituzte eta antolatzaileen esanetan "ez da nahikoa izan".

Bart abiatu dituzte Vista Alegre auzoko festak eta jai batzordeko kideek jakinarazi dutenez, "gustura" aritu dira bertaratuak lehenengo egunetik. 19:00etan jaurtitako txupinak eztanda egin zuenean lehertu zen festa eta bihar arte jarraituko du.

Txupinazoaren ondoren, Dardo txapelketarekin eman zioten jarraipena atzoko lehenengo egunari eta gero etorri zen sardinada arrakastatsua. Zehaztu dutenez, 45 kilo sardina erre zituzten, "baina ez zen nahikoa izan" bertaratu guztiak asetzeko; izan ere, jende andana bildu zen jai gunean. Julen Zulaika eta Mantxi bertsolariek borobildu zuten gaua.

Esan bezala gaur eta bihar ere izango da festarako aukera Vista Alegren. Honako hauxe ekarriko dute ondorengo orduek:

Gaur, larunbata

  • 14:30. Umeen bazkari herrikoia.
  • 15:00. Helduen bazkari herrikoia. Txartelak salgai Auzo Elkarteko Txokoan uztailaren 7ra arte.
  • Bazkalostean, gazta apustua eta bingoa.
  • 16:30-19:30. Haurrentzako puzgarriak.
  • 20:00. Patata tortilla lehiaketa. 20:15 arte aurkeztu daiteke etxetik ekarritakoa. Saria: bi pertsonentzako afaria Itxaskin.
  • 21:30-00:30. Erromeria Joxe Mendizabalen eskutik.
  • Ondoren, musika Auzo Elkartean.

Bihar, igandea

  • 10:00. Diana.
  • 10:00. Tai-Chi saioa Torreoian.
  • 10:30. Marrazki lehiaketa.
  • 11:30. Auzoko haurren dantzaldia.
  • 12:00-13:00. Apar festa.
  • 12:30-14:30. Trikitilariak auzoan zehar giroa alaitzen.
  • 13:00. Txistorra jana eta oilasko hegatxak parrillan.
  • 16:00. Saskiratze eta penalti txapelketa.
  • 17:00. Haur jolasak.
  • Ondoren, txokolate jana.
  • 18:00. Toka txapelketa. Saria: bi pertsonentzako afaria Naparrak tabernan.
  • 19:00. Slow Times Blues Band taldearen emanaldia.
  • 21:00. Festaren amaiera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide