Bertsolaritzak eta kirolak berriro egin dute bat Frontoi Txikin, baina formatu berrituan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uzt. 13a, 12:00

Esku pilotak ez du izan aurreko urteetako protagonismoa aurtengo Bertso Astean. Herri kirolen aldeko apustua egin dute antolatzaileek eta nagusitasunez gailendu zaizkie oñatiarrak zarauztarrei seitik bost proba irabazita.

Bertso Pilota saiorik ez da izan aurtengo Bertso Astean. Horren lekuan, herri kirol dema egin zuten atzo arratsaldean Zarauzko Motxian Etxebeltz eta Oñatiko Txinparta bertso eskoletako kideek. Hori bai, botileroek bertsotan animatu dituzte lagunak, ohi bezala. Ildo beretik, epaile lanetan aritu zen Oier Aizpuruak kantuan azaldu zituen egin beharreko lanak eta jokoa amaitu osteko puntuak ere hala banatu zituen.

Etxeko taldean Uxue eta Mikel Ostolaza, Jakes Etxeberria eta Amaia Urbieta bertsolariek jantzi zituzten kirolari arropak eta Danel Olano izan zuten botilero. Kanpoko taldean Aran Sagarzazuk, Josu Zumaldek, Aitor Tatiegik eta Lide Arregik bota zuten izerdia eta Urko Egañak utzi zuen eztarria. Lokotx bilketan, txingetan, giza proban, zaku karreran eta sokatiran aritu ziren bi bertso eskoletako ordezkariak, eta, amaitzeko, esku pilotan ere bai, baina kalezka. Zaku karreran salbu, oñatiarrak gailendu ziren proba guztietan.

Gauean, berriz, Bertso Desafioa, Basarriren bustoaren aurrean. Giro onean egin zuten hori ere, irabazle argirik gabe. Nolanahi ere, bisitariek erronka bota zieten etxekoei, hurrengoan Oñatin aritzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide