Kantari hasi dute Bertso Astea

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uzt. 12a, 17:00

Bart abiatu dute aurtengo edizioa Torre Luzea parkean bertso musikatuekin eta Basarri bertsopaper lehiaketako sari banaketarekin, ohi bezala. Bihar arte egingo dituzte ekintzak.

Bertso musikatuen saioarekin abiatu dute bart Bertso Astea Motxian-Etxebeltz Bertsoguneko kideek. Eguraldia lagun, Torre Luzea parkean aritu dira, Basarriren bustoaren aurrean eta ohi bezala, ikusmina sortu du ekitaldiak. Gustura entzuten dituzte bertaratuek herriko bertsolariak kantuan.

Saioa amaitutakoan, Aitor Bizkarra 40. Basarri bertsopaper sariko garaileari txapela jarri diote. Bertsolari bizkaitarrak lehen aldiz abestu du jendaurrean lehiaketa irabazteko balio izan dion bertso-sorta. Portuak eta Aingurak. Itsas-alegia laguntasunari deitu du eta laguntasun ereduak deskribatu ditu bertan.

Aitor Bizkarra Basarri Bertsopaper Sariko txapelka jarrita. (Utzitakoa)


Portuak eta Aingurak. Itsas-alegia laguntasunari
(Doinua: Konfesatuta hau esateko)


1. Koskortzetik ta ernatzeraino
ilajean urdindurak,
limurtzen zaitu itsas zabalak
zer dakarren jakin gurak.
Itsas-lamien lantu sarkorraz
nahiz maiz-asko labaindu bat,
hortzak berdintzen diren garaian,
eranztean apaindurak,
lagun mota bi baizik ez daude:
Portuak eta Aingurak.

2. Portu Natural Gurasoena
beti da esentziala;
portu faltsurik ere badago:
Portu Sasi-Soziala;
ordea, zama-arintzaileetan,
bat bada espeziala,
draga-makinaz itxuratua
hazi ahala, bizi ahala…
Naturala ez izanagatik
ez da Artifiziala.

3. Horiek dira zure jiteen
eta jitoen etenak;
egonarriak, labarrak soilik
zeuden tokian irtenak;
mantel-usaina, plateren hotsa,
hitzak, ardoa, jatenak;
urte osoko gabon-argiak,
faro nekagaitz batenak,
nora joanik ez duzunean
“Zatoz hona!” diotenak.

4. Ilargiaren grabitazio
ditxosozkoak itsutu
ta itsasgoran Neptunok ezin
izaten zaitu izutu!
Handik gutxira litoraleko
arrokan itsas-trikutu,
itsasbeheratzen zaren garaian
sentitzeko diminutu…
Ta soilik pasa dira sei ordu
eta hamabost minutu!

5. Zer zaren Prestige emozionala!
Zulatua lehen txanpan...
Petral-ontzi bat lemagaldua
sagailo gaitzaren tranpan:
inguru dena kutsatzen duzu,
fuela galtzen, tantan-tantan.
Aingura arin, hegalariak,
zeuden Anariren kantan;
zuk hiru astun behar dituzu:
bat txopan eta bi brankan.

6. Orkatilatik heltzen dizute
zaudenean hestebete,
itsas hondoan behea jo eta
pasatzeko astebete.
Hala diozu: “ni itotzera
nahita etorri zarete!”
Paranoiaren logikapean
pentsatzeari uzteke…
Zu itotzera baldin baletoz,
askatuko zintuzkete.

7. Badakizu zer pasa zitzaion
Atlantidari behinola;
beraz, ez galdu zure baitako
ozeanoen kontrola.
Zeren uraren maila, astiro,
elemental, ezaxola,
gorantz, uhinka, etor liteke
mingain erraldoi bat nola:
Giza-Portuak eta -Aingurak,
berdin-berdin zaizkiola.

8. Iraganeko naufragioen
mapa duzu bizkarrean:
norarik gabe, baina garaitzen
gaitza zinen bizkorrean.
Menturatuko al zara berriz
itsaso itsaskorrean,
labarren aurka joaz Rimbauden
lurrunontzi mozkorrean?
Igoal hobe da portuan bizi
belarria maskorrean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide