Bihartik martxan izango da Astitik herrigunerako lotura zerbitzua

Aritz Mutiozabal 2024ko uzt. 12a, 16:00

Iazko lotura zerbitzua. (GUKA)

Aurten, txu-txu trenak beharrean, Servicios Globales Araba enpresaren mikrobus batek eskainiko du zerbitzua. Irailaren 15a bitartean iraungo du.

Udalak lotura zerbitzua jarriko du beste urte batez Astiko disuasio-aparkalekutik hirigunera. Zerbitzua bihar bertan jarriko dute martxan eta irailaren 15era arte iraungo du. Iazko udan ezarritako neurriak "harrera ona" izan zutela azaldu du udalak, eta aurten ere formula bera erabiltzea erabaki du, uda garaian saihestu daitekeen trafikoa hirigunetik aldentzeko. Gisa horretan, Zarautzera bisitan etortzen direnek beste aukera bat izango dute autoa aparkatzeko.

Asti kirolguneko aparkalekuaren erabilera doakoa da, eta erdigunera hurbiltzeko autobus lotura zerbitzuaren 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango da; 20 minutuko maiztasunarekin funtzionatuko du, hain zuzen ere. Zerbitzuak 2 euro balioko du pertsonako, eta joan-etorriko txartela autobusean bertan eskuratuko ahalko da.

Zerbitzuak Nafarroa kalea eta Lizardi kalea lotzen dituen biribilgunean egingo du geldialdia, hondartzatik 50 metro eskasera. Gainera, geltokiak totem batekin eta kokapen-mapa batekin seinaleztatuta egongo dira, aurkitzeko errazak izan daitezen.

Aurten, lotura zerbitzua Servicios Globales Araba enpresaren mikrobus batekin eskainiko dutela nabarmendu du Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak; nolabait ere, garraiobide horrek, iazko udan erabilitako txu-txu trena ordezkatuko du. "Horri esker, ibilbidea azkarrago eta eraginkorrago egin ahal izango dugu, eta, gainera, udalarentzat kostua txikiagoa izango da", zehaztu du Basurkok.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide