Motxian-Etxebeltzeko bertso-eskolan izena eman daiteke jada

Aritz Mutiozabal 2024ko uzt. 14a, 14:30

Bertso-eskolakoen iazko irteeretako bat. (Motxian-Etxebeltz)

Iraileko bigarren hamabostalditik aurrera ekingo diete saioei. Helburua da LH, DBH eta Batxilergoko ikasleak bertsolaritzara gerturatzea.

Motxian-Etxebeltz Bertsoguneak dagoeneko ireki du datorren ikasturterako izen-ematea, lehen eta bigarren mailako ikasleei bertsolaritza gertuagotik ezagutzeko aukera eskaintzeko asmoz. "Bertan bertsozale orok izango du bere lekua, bertsoak abestuz, idatziz, gaiak jarriz, gonbidatu berezien esperientziak entzunez, irteerak eginez eta abar", nabarmendu dute bertsoguneko kideek

Printzipioz, datorren ikasturteko bertso-eskolaren ordutegia ondorengoa izango da: LH 3tik 6ra bitartekoek astelehenetan izango dute saioa, 17:00etatik 18:00etara, irailaren 23an hasita; DBH eta Bartxilergoko ikasleek, berriz, ostiraletan, 15:30etik 16:30era, irailaren 27an hasita. Ikasle denek lekua izatea bermatu nahi dute, eta ordutegia eragozpen izango balitz, interesdunek mezu bat idatz dezakete haien ordutegi aukerak proposatuz, eta "beharbada beste saioren bat eskaintzeko moduan" egon daitezkeela azaldu dute. Bertso-eskolako saioak Villa Munda eraikinean izango dira.

Ikasturte guztiko prezioa 25 eurokoa izango da. Bertso-eskolan parte hartzeko edo informazio gehiago nahi izanez gero, motxianetxebeltz@gmail.com posta elektronikora idatzi daiteke. Izena emateko garaian, ondorengo datuak zehaztu behar dira: ikaslearen izen-abizenak, ikastetxea, maila, arduradunaren izen-abizenak, telefonoa eta posta elektronikoaren helbidea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide