Aurtengo Kalerki jaialdiak "herritarren berotasuna" jaso du

Julene Sorarrain 2024ko uzt. 11a, 15:00

'Euskorleans' ikuskizuna, Kalerkin. (Jabi Gonzalez Toston)

Zarauzko Udalak eta Kultura sailak Kalerki jaialdiaren balorazioa aurkeztu dute; herritarrei eskertu nahi izan die eragozpenei "aurpegi onez" erantzuteagatik.

Amaitu berri da Kalerki jaialdiaren 31. edizioa eta ekitaldiaren "oso balorazio positiboa" egin du udaleko Kultura sailak. “Eguraldi aldakorra izan dugu hiru egun hauetan zehar, eta horrek unean uneko erabakiak hartzera behartu gintuen”, azaldu du Irune Urbieta Kultura zinegotziak. Izan ere, azken uneko zaparradaren ondorioz, emanaldi bakarra geratu zen bertan behera, DATE dantza konpainia andaluziarraren En tierra de Nadie ikuskizuna, hain zuzen. Beste bi ikuskizun Modelo Aretora eta Gaztelekura bideratu ziren, euriagatik, eta gainerako guztiak aurreikusitako lekuan gauzatu ziren.

Kultura sailak emanaldi guztiak publikoz gainezka izan direla azpimarratu du, larunbatean bereziki. Santa Klaran eta Amalur parkean egindako emanaldiak "eskertu zituen publikoak", eta gainerako ohiko kokalekuak ere txiki geratu zirela gehitu dute. Publikoaren erantzuna erabatekoa izan dela adierazi du Urbietak: "Jarrera oso gertukoa eta errespetu handikoa izan da momentu oro, eta parte hartzea oso handiarekin gainera”.

Kultura saileko udal langileek eskerrak eman nahi dizkiete herritarrei hiru eguntean zehar sor litezkeen eragozpenei "aurpegi onez" erantzuteagatik: "Benetan bikaina izan da haien jarrera, eta horrek adierazten du Kalerki jaialdia herrian oso errotuta dagoela”.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide