Iñurritza eremuko aparkaleku beharrak aztertzeko inkesta egingo du udalak

Mireia Galarza Bastida 2024ko uzt. 10a, 09:00

Iñurritzako eremu berria. (Zarauzko Udala)

Olatu Berdea Mobility enpresaren laguntzarekin, udalak inkesta bat egingo du datozen asteetan Iñurritza auzoko kaleetan. Uztailaren 18ra arte bete daiteke inkesta. 

Azken hilabeteetan aparkalekuei buruzko hainbat erabaki hartzen ari da udal gobernua. Apirilean, adibidez, TAO ordenantza berritzea onartu zuten udalbatzarrean, eta ekaina hasieraz geroztik ere erabilgarri dago hegoaldeko aparkalekua. Iñurritzako urbanizazio berrian 124 aparkaleku bereganatu zituela ere azaldu zuen erakundeak apirilean, eta adierazi dutenez, eremu horretako beharrak aztertzeko inkestak egingo dituzte orain.

Hain zuzen ere, Zarauzko Udalak, Olatu Berdea Mobility enpresaren laguntzarekin, inkesta bat egingo du datozen asteetan Iñurritza auzoko kaleetan, ibilgailuen erabilerari eta inguruan aparkatzeko beharrei buruzko informazioa biltzeko. Inkesta hori online betetzeko aukera ere izango dute herritarrek datorren uztailaren 18ra arte, esteka honetan.

Iker Basurko Mugikortasun zinegotziaren hitzetan, "ikerketa txiki honek" aparkaleku publiko berriaren erabilera definitzeko "baliagarria" izango den "informazio interesgarria" emango dio udalari. "Azken urteotan Zarautzen aparkalekuen arloan egiten ari diren lanek egoera hobetzea lortu dute, baina lanean jarraitu behar dugu eta sortzen zaizkigun aukerak aprobetxatu", gehitu du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide