Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa egingo dute igande honetan

Mireia Galarza Bastida 2024ko uzt. 9a, 13:30

Iazko edizioko margolanetako bi. (Artxiboa)

59. edizioa izango da, eta hainbat sari izango ditu urtero bezala. Gainera, aurtengo edizioan Juan Luis Mendizabal Mendi omenduko dute, "herriari eta, batez ere, malekoiari egindako ekarpen artistikoa baloratu, eta margolariaren lana aitortzeko".

Artezaleak elkarteak antolatu eta udalak babestuta, 59. Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa egingo dute igande honetan. Gainera, aurtengo edizioan Juan Luis Mendizabal Mendi omenduko dute, "herriari eta, batez ere, malekoiari egindako ekarpen artistikoa baloratu, eta margolariaren lana aitortzeko".

Antolatzaileek azaldu dutenez, edonork hartu dezake parte igandeko ekimenean, eta sortzaile bakoitzak obra bat bakarrik aurkeztu ahal izango du. Urtero bezala, margolanak aire zabalean egingo dira edozein teknika eta interpretazio erabilita, eta Mendiri zuzendutako edizioa izanik, malekoian egin beharko dituzte margolanak, Damatik hasi eta kanaleko pasealeku amaierara arteko edozein lekutan. 

Norberak ekarri beharko ditu mihise oihalak, eta 8:15etik 10:00etara zigilatuko dituzte Ebro Etxean. Bukaeran, leku berean, 13:00ean jasoko dituzte sortutako piezak, eta bertan izango dira ikusgai, sari banaketara arte. 14:00etan izango da azken hori. Sariei dagokionez, lehen saria 1.000 eurokoa izango da, bigarrena 800 eurokoa eta hirugarrena 500 eurokoa. Bestalde, 300 euroko sari berezia jasoko du herriko margolari onenak eta azken saria, 100 eurokoa, 12-16 urte bitarteko gazteentzat izango da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide