Nadia Erostarbe CT zirkuitura bide ematen duten postuetatik at kokatu da behin-behinean

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uzt. 8a, 15:00

Nadia Erostarbe Hegoafrikako Ballito Pro txapelketan. (WSL/Pierre Tostee)

Bosgarren sailkatu da Hegoafrikako Ballito Pro txapelketan final-laurdenetaraino iritsi ondoren, baina bi finala jokatu duten bi surflariek aurreratu dute CSko sailkapen orokorrean.

Datorren urtean gorengo mailako Championship Tour zirkuituan aritu ahal izateko bost txarteletako bat lortzeko borrokan murgilduta jarraitzen du Nadia Erostarbe surflari zarauztarrak. Bide horretan, beste 4.745 puntu bildu ditu asteburuan Challenger Series zirkuituko sailkapenerako Hegoafrikako Ballito Pro txapelketan bosgarren sailkatu ondoren. Final-laurdenetan kaleratu zuen atzo gerora probako txapeldun izendatutako Bella Kenworthy estatubatuarrak.

Erostarbek lortutako emaitza ona izan arren, ez da aski izan CTra bide ematen duten postuei eusteko; izan ere, bi surflarik aurreratu dute eta seigarren kokatu da, behin behinean. Hain justu, Kenworthy izan da CSko sailkapen orokorrean Erostarbe aurreratu duen surflarietako bat, eta Vahine Fierro frantziarra bestea. Bi surflariak gaur jokatu duten finaleraino heldu dira eta Kenworthyk irabazi du, esan bezala.

Nolanahi ere, zarauztarrak oraindik baditu CTan sartzeko aukerak. Sei probek osatzen dute CS zirkuitua eta horietan lortutako lau emaitza onenak hartzen dituzte aintzat sailkapena osatzeko. Orain arte hiru txapelketa jokatu dituzte eta guztietan lortu du Erostarbek final-laurdenetaraino iristea, gutxienez. Hurrengo proba Olinpiar Jokoak amitu eta egun gutxira izango du Estatu Batuetan, abuztuaren 6tik 11ra, zehazki, Kaliforniako Huntington hondartzan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide