Portugaleten aritu dira gaur Zarauzko traineruak

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 7a, 16:00

Traineruak lanean Ibaizabalen.

ETE eta KAE 1 ligetako estropadak hartu ditu gaur eguerdian Bizkaiko herriak. Emakumeetan Zarautz hirugarren izan da eta gizonetan zazpigarren,

Portugaletek (Bizkaia) hartu du Camargoren (Kantabria, Espainia) lekukoa ETE eta KAE 1 ligei dagokionez. Portugaleteko XLII. Bandera izan da jokoan, eta Ibaizabalen arraun egin behar izan dute liga hauetako parte hartzaileek.

ETE ligako seigarren jardunaldia jokatu dute lehenbizi. Zarautz ohorezko txandan aritu da Zumaia, Astillero eta Kaikurekin batera. Joaneko luzean korronteen aurka borrokatu behar izan dute, eta laugarren izan dira ziaboga puntuan. Bueltako luzean hobeto moldatu dira zarauztarrak eta Kaikuk ziabogan ateratzen zion aldea jan eta iaz traineru bateko distantziarekin helmugaratu da hirugarren postuan. Bandera Astillerok irabazi du eta bigarren izan da Zumaia.

Ligako sailkapen nagusian, behin sei jardunaldi jokatuta, hirugarren postuan da Zarautz, 34 punturekin. Zumaiak jarraitzen du lider postuan, 45 punturekin, baina Astillero puntu bakarrera jarri da, 44 punturekin. 

KAE ligako bosgarren jardunaldia jokatu dute jarraian. Zarautz hirugarren txandan, ohorezkoan, aritu da. Gaur ez zaizkio gauzak nahi bezala atera. Bere txandan azkena izan da, eta zazpigarren eguneko sailkapenean.

Sailkapen orokorrean bosgarren postura jaitsi da. 42 puntu ditu, Lapurdik bezala, eta Zumaia hirugarren da 43rekin. Lider San Juan da, 60 punturekin, eta bigarren Arkote 49rekin.

Hurrengo hitzordua Sestaon izango dute ETE zein KAE 1 ligetako parte hartzaileek. Igandean jokatuko dira estropadak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide