ETE ligako estropada jokatu da lehenbizi. Camargoko Udalaren III. Bandera zegoen jokoan. Zarautzek gorantz egin du azken jardunaldietan, eta gaur bigarren izan da Astillerok irabazi duen estropadan. Zarautzek eta Zumaiak borroka polita eskaini dute bigarren postuaren bila, eta hamabos ehuneko aldea besterik ez da izan urdinen alde.
Jardunaldi honen ondoren sailkapena estutu egin da. Zumaia-Deltecok jarraitzen du lider postuan 38 punturekin; bigarren jarraitzen du Astillerok 36 punturekin, eta hirugarren da Zarautz 28 punturekin.
Jarraian jokatu dute Camargoko Udalaren XXXII. Bandera, KAE 1 ligarako puntuagarria. Zarautz ohorezko txandan aritu da denboraldi honetan aurkaririk ez duen San Juanekin, Lapurdirekin eta Arkoterekin batera. Zarauztarrek ezin izan dute aurreko jardunaldiko lan ona errepikatu eta seigarren postuan sailkatu dira; aurreko txandan aritu diren Zumaiak eta Santurtzik ere denbora hobea egin dute gaurkoan.
Ligako sailkapenean bigarren postuan jarraitzen du Zarautzek, 29 punturekin, lider den San Juanen (36 puntu) atzetik. Zarautzen ondoren dira Arkote (28 puntu), Lapurdi (26 puntu) eta Zumaia (24 puntu) ditu.
Bihar Portugaleten (Bizkaia) izango dute hurrengo hitzordua: ETE ligako estropada 11:00etan hasiko da eta ordubete beranduago, 12:00etan, KAE 1 ligakoa.