ZAEko traineruek bina estropada izango dituzte asteburu honetan ere

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uzt. 6a, 09:00

ZAEren bi traineruetako kideak, joan den ekainean Musika Plazan egindako aurkezpenean. (Jabi Gonzalez Toston)

Etxetik urrun ariko dira, Bizkaiko eta Kantabriako uretan. Gaur arratsaldean Camargon eta bihar goizean Portugaleten.

ETE eta KAE1 ligetako ZAEren traineruek arraun denboraldiko irteera luzeenetakoak izango dituzte asteburu honetan: Camargon (Kantabria) ariko dira bihar arratsaldean eta Portugaleten (Bizkaia) etzi goizean.

Lehenengo estropadari begira jarrita, ETE ligakoa, 16:00etan hasiko da eta ohorezko txandan lehiatuko da Enbata. Orain arteko estropada guztietan eskuratutako laugarren postua hobetzea izango da Zarauzko ontziaren erronka. Biharko estropada, berriz, 11:00etan hasiko da.

KAE1 ligan, azken bi estropadetan bigarren sailkatu ondoren, bolada onari jarraipena ematen ahaleginduko da ZAE, eta, bide batez, orain arte menderaezina izan den San Juani ez ustekoa ematen ere bai. Gaurko estropada 17:00etan hasiko da eta biharkoa 12:00etan.

Gorengo ligetako traineruak Euskal Herrian

Euskotren eta Eusko Label ligetako traineruek joan den astean ekin zioten denboraldiari Galiziako uretan eta etxetik gertu ariko dira orain, Euskal Herrian. Ohi bezala, Euskotren ligakoak izango dira lehiatzen lehenengoak eta 17:25ean hasita egingo dute gaur Donostian. Emakumeen estropada amaitutakoan abiatuko dute gizonena, 18:20 aldera.

Bihar, berriz, Zierbenan (Bizkaia) ariko dira. 11:25ean abiatuko dute Euskotren ligako lehenengo txanda eta 12:20ean Eusko Labelekoa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide