Zarauzko Ikurrinaren irabazleek saritzat jasotzen dituzten banderak Elgoibarren egin izan dituzte 45 urtean. Azken bi urteotan, Debabarrenean bai, baina ez dituzte lehengo sortzaileek egin. Aurten, iaz bezala, Elgoibartik eta Soraluzetik ekarriko dituzte Zarautzera emakumeen zein gizonen garaipenaren ikur izango diren banderak. Hain zuzen ere, Karkizano eta Orratz enpresek elkarlanean egingo dituzte, nork bere partea dotore gauzatuta. Ainhoa Uriguen (Elgoibar, 1995) da Karkizano mertzeria dendaren burua, bere ama Marian Lopez (Bermeo, 1960) bidelagun duela. Han hasten dute Zarauzko estropadan jokatzen diren bi banderak egiteko prozesua. Oihal gorria oinarrian hartu, eta hari beste koloretako zati batzuk josten dizkiote, lau ikurrina egin arte; bi bandera bakoitzarentzat, alde banatan. Bandera bakoitzak 250 zentimetro x 150 zentimetro neurtzen ditu. Egun batzuetako lana izaten dute bertan, eta jarraian, bandera bakoitzaren alde bat bordatzera eramaten dute.
Cristina Albisua (Soraluze, 1973) da bordatuaz arduratzen dena Orratz markaren izenpean. 11 urte daramatza artisau lanetan, baina hark ere ez du beti bakarrik jarduten. Zenbait lan aurrera ateratzeko beharrezkoak izaten dira lau esku, eta horietarako, Rafa Layza (Callao, Peru, 1972) bere senarraren laguntza izaten du. Hasteko, banderak izango duen bordatuaren diseinua egin behar izaten dute ordenagailuko programa batean. Elementu bakoitzak izango duen tamaina eta kokapenaz gain, beste hainbat parametro izaten kudeatu behar izaten dituzte han: geruzak, puntadak, norabidea, koloreak... Astebeteko lana izaten du horrek lehenengo aldian. Gero, diseinua makinara pasatu eta banderak bordatu behar izaten dituzte. Banderak dituen dimentsioak kontuan izanda, lana hainbat zatitan egin behar izaten dute, eta lau esku ezinbestekoak dira lan horretarako. Banderaren erdian kokatzen den armarriak, esaterako, 9.000 puntada behar izaten ditu, 37 zentimetro x 25 zentimetroko tamaina duen azalera batean. Hilabeteko lana izaten da gutxi gorabehera bi banderak bordatzea. Prozesua amaitzeko, berriro Karkizanora itzuli behar izaten dituzte bordatutako ikurrinak. Han, ikurrinaren beste aldearekin josten dituzte horiek, eta horrez gain, makilari lotzeko euskailuak gehitzen dizkiete. Denbora eta ahalegina eskatzen du, beraz, banderak egiteak. Aurtengoak egiteko prozesua martxan da dagoeneko, eta laster prest izango dituzte 2024ko Zarauzko ikurrinak.



