Pasa den larunbatean jokatu zuten Aritzbatalde kiroldegian Altxa Zarautz Saria ZKEko halterofiliako kideek. Antolatzaileek azaldu dutenez, ekitaldi "polita" izan zen asteburukoa, "Zaragozako (Espainia) Helios taldeko altxatzaileez gain, Zarauzko izarrak ere berpiztu zirelako ZKE Halterofiliako taldekideen artean, Ibon Eguzkitza eta Imanol Zulaika, hain zuzen ere".
Eguraldia dela eta, ekitaldia kiroldegira mugitu zuten, eta 11:30 aldera hasi zuten jardunaldia, kirolariak lau txandatan banatuta. Guztira 31 altxatzaile pasa ziren tarimatik, eta 2. eta 3. txandetan atera ziren ZKE Halterofilia Eskolako gazteenek "teknika erakustaldia egin zuten jendaurrean". Amaieran Esteban Collantes Zarautz Kirol Elkarteko presidenteak eta Inaxio Illarramendi Zarautzeko Kirol zinegotziak ohorezko sariak banatu zizkieten Luna Oliva eta Alexander Guayanlema emakumezko eta gizonezko altxatzaile onenei.
Zarauzko taldeak azaldu du talde osoarentzat "zapore oneko eguna" izan zela larunbatekoa, eta orain datorrenari begira jarriko direla. Hain zuzen ere, uztailaren 13an eta 14an Espainiako Junior Txapelketan dute jarrita begirada, bertara joango baitira Malen Monasterio eta Miren Galarraga lehiatzera.