Udan herria turismora ez dela mugatzen erakutsi nahi du Zirikak

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uztailaren 1a

Zirika euskara elkarteko ordezkariak Gukakide festan azalpenak ematen. (Aritz Mutiozabal)

Euskal musika, abestiak eta dantzak uztartuko dituen ekitaldia antolatu du uztailaren 14rako eta berau prestatzeko entsegu irekia egingo du etzi.

Bisitariei Zarauzko izaera eta kultura azaltzeko ekitaldia antolatu du Zirikia euskara elkarteak datorren uztailaren 14rako, igandea. Elkarteko kideek argitu dutenez, "asmo nagusia da adieraztea gurea ez dela turismora begira bakarrik bizi den herria", eta, musika, kantua eta dantza baliatuko dute.

Hori horrela, 12:00etatik 13:00etara malekoia hartuko du Zirikak euskal musika, kantu eta dantza herrikoiak lau haizetara erakusteko. Ondoren, Gurutze Gorriaren parean elkartuko dira bertan ekitaldi bateratua egiteko. Elkarteak zehaztu duenez, Martxa baten lehen notak eta Zurekin batera abestien erritmora egingo dute dantza gitarraz lagunduta eta herriko abeslariekin batera.

Dantza saioari lotuta, Zirikak azaldu du entsegu bateratua antolatu duela etzirako Jalgiren lokalean. Hitzordua 20:00etan jarri dute eta jakinarazi dute beharraren arabera erabakiko dutela beste bat deitzea ala ez. Herritar orori zabaldu dio parte hartzeko deia, irekiak izango baitira entsegua nahiz ekitaldia.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide