Abuztuko bigarren erditik aurrera ekingo diote hurrengo futbol denboraldiari goi mailako euskal taldeek, eta, lehenengo jardunaldietara ahal den sasoi onenean iristeko aurki ekingo diote denboraldi aurreko prestaketari. Bada, aurretiazko lan horren lekuko izango da Astiko futbol zelaia aurten ere, Eibarren eta Irungo Real Unionen arteko norgehiagoka hartuko baitu datorren uztailaren 20an, larunbata, 11:30ean.
Armaginak bigarren mailan arituko dira datorren sasoian ere hirugarren urtez jarraian lehenengo mailara igotzetik puntu bakarrera geratu ondoren. Ikusi egin behar, ordea, zein helburu jartzen dion bere buruari hurrengo denboraldirako taldearen egoera, ez baita lehengoa. Gainera, iragarritako hamahiru bajen ondoren taldea osatu gabe iritsiko da Zarautzera.
Irungo taldea, berriz, kategoria bat beherago ariko da; Espainiako Futbol Federazioko lehenengo mailan, hain zuzen ere. Azken denboraldian ere kategoria horretan lehiatu da eta lehenengo multzoko hamabosgarren postuan sailkatu da. Hurrengo denboraldiari begira entrenatzaile berria izango dute Fran Justo galiziarrak taldea utzi ondoren. Mikel Llorente hondarribiarrak zuzenduko du aurrerantzean.