Bikote mistoen triatloi herrikoian inskripzioak egiteko epea zabalik dago

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uztailaren 1a

Bikote bat malekoiko helmugara iristen iazko triatloi mistoan. (Aiora LarraƱaga Solabarrieta)

Probaren hirugarren edizioa izango da eta irailaren 28an, larunbatez, jokatuko dute. Izena emateko epea hamar egun lehenago itxiko dute behin betiko, baina abuztua amaitu aurretik eginez gero, merkeagoa izango da.

Nik Tri taldeak bigarrenez antolatu du Triatloi Mistoa. Irailaren 28an egingo dute proba herrikoia eta izena eman nahi dutenek dagoeneko egin dezakete honako lotura honetan. Inskripzioak abuztua amaitu baino lehen egiten dituzten bikoteek 55 euro ordaindu beharko dituzte eta 10 gehiago azken unera arte itxaroten dutenek. Irailaren 18a izango da izena emateko azken eguna.

14 urtetik gorako edonork hartu dezake parte eta bikoteak osatzeko nahitaezkoa izango da emakume eta gizonezko bana elkartzea. Bikoteko bi kideek elkarrekin egin beharko dute ibilbide osoa, eta aurreko bi edizioetako berberak izango dira distantziak: 350 metro igerian, 7 kilometro bizikletaz eta 2,25 kilometro korrika.

Dortsal zenbakiak zehaztuko du bikote bakoitzaren irteera ordua eta izen emate ordenaren arabera banatuko dituzte. Hala, 10 bikoteko taldeetan emango dute irteera antolatzaileek 16:00etan hasita. Minutu bateko tarte izango da irteera batetik bestera eta 16:25ean abiatuko dira azkenengo bikoteak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide